argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 18an izango da Donostian erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa
  • Gure Esku Dagoren dinamikaren baitan galdeketa egingo duen lehen hiriburua izango da. Lan talde bat sortu dute eta maiatzetik aurrera hasiko dira zein galdera planteatuko duten aztertzen.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 19a
Irudia: Irutxuloko Hitza

Donostiako udaletxean eginiko agerraldian aurkeztu du herri plataformak ekimena. 9.545 sinadura bildu dituzte galdeketa gauzatu dadin. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak osatutako protokoloaren arabera, Gipuzkoako hiriburuaren biztanle kopurua aintzat hartuta, galdeketak herritarren %2aren babesa jaso beharko du gutxienez. Donostiako talde sustatzaileak, ordea, muga hori %5era igo du, galdeketak ahalik eta berme sendoena izan dezan.

Donostiaz gain, Irunek ere erabakitzeko eskubidearen gaiaz galdetuko du data berean. Lantalde bat osatuko dute orain, kontsultan egingo duten galdera adosteko eta hura “argia, ulerterraza eta inklusiboa” izatea ziurtatzeko. Herritarren laguntza eskatu dute plataformako bozeramaile diren Ibon Rosalesek eta Maria Luisa Sanchezek bai antolakuntzarako eta bai finantzaketarako, erronkari behar bezala aurre egin ahal izateko. Gainera, ekainaren 10ean egingo den giza katerako zortzi kilometro osatu behar dituztela gogorarazi dute. Bertatik hasiko da EAEko hiru hiriburuak lotzeko egitasmoa eta gaur gaurkoz, erronka handiena giza katea osatzea dela gogorarazi dute.  

Orain arte, deituta zeuden 780.000 biztanletatik 177.000 hartu dute parte Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan antolatutako galdeketetan. 180 herritan antolatu dituzte; lehena, 2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Maiatzaren 6an egingo dute hurrengo kontsulta sorta, Aiaraldean (Araba), eta 30.000 lagun inguruk izango dute bozkatzeko aukera.