Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek antolatuta, 24 egunez Frantziako hogei kartzela bisitatuko dituzte. 4.000 kilometro inguru egingo dituzte, Paris helburu dutela. Abenduaren 9an, “Bakea Euskal Herria eta orain presoak” lelopean presoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin amaituko dute.
Mont-de-Marsan espetxetik hasiko dira, EPPK kolektiboak horrela eskatuta. Ordezkaritza zabala izango da martxa hasi aurreko ekitaldian: LAB, Bakegileak, Bake Bidea, Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Batzordea, Aitzina, Ernai, EH Bildu, edo EH Bai, besteak beste. Beste alderdietako ordezkariak ere sostengua ematera hurbilduko direla espero dute.
Biraren xede nagusietako bat, eskualde bakoitzeko kartzeletako administrazio zuzendariekin biltzea da. Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak dio “bake prozesuaz eta presoen egoeraz” nahi dutela hitz egin arduradun nagusiekin. Hala ere, jakitun dira ardura gorena Parisek duela.
Hamabost lagunek egingo dute bidaia: Bagoaz elkarteko bi kide, logistikako bi arduradun, komunikazioko bina ordezkari, eta presoen senideak izango dira Frantziako espetxeetatik barrena itzulia egingo dutenak.
Geldialdia egingo duten herrietako eragileen jarrera nabarmendu du Martinek: “Harrera oso ona izan dugu atseden hartuko dugun herrietako eragileen aldetik”. Giza Eskubideen Liga ere erreferente moduan hartu dute. “Asko lagundu digute, eta etapa batzuetan hauen etxeetan lo egingo dugu”.
Abenduaren 7an Parisera iristean Bakegileei pasako diete lekukoa. Ekitaldi nagusia iritsi bitartean, Paris inguruko presondegietara joango dira. Hala nola, Reaura eta Fresnesera. Parisko kaleetatik barrena egingo den manifestazioa “mugarri” izatea espero dute antolatzaileek.