argia.eus
INPRIMATU
Azaroaren 11tik 13ra gauzatuko da Nazioarteko IV. Konferentzia Marxista Feminista
  • Ostegunean abiatuko da IV. MarxFem konferentzia, eta larunbatera arte iraungo du. Koronabirusak eragindako egoera medio online egingo da oso-osorik, eta interesa duenak mahai inguruak eta hitzaldiak jarraitu ahalko ditu Zoom plataforma eta Facebook bidez.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko azaroaren 10a

Hasiera batean 2020rako aurreikusita zegoen MarxFem Nazioarteko IV. Konferentzia Marxista Feminista, eta Euskal Herria zen egitekoa. Alabaina, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz deialdia atzeratu beharrean ikusi ziren antolatzaileak, eta hausnartu ostean, konferentzia online aurrera eramatearen alde egin dute. Ostegunean irekiko ditu ateak konferentzia birtualak, eta hiru egunez hainbat mahai inguru eta hitzaldi aditzeko aukera izango da.

Azaroaren 11tik 13ra arteko egitarau osoa eskuragai dago konferentziaren web-orrian. Konferentzia osorik emitituko da Zoom plataforma bidez, eta hitzaldi nagusiak MarxFem-en Facebook orriaren bidez ere jarraitu ahalko dira. Gogorarazi dute Zoom plataformako lotura azaroaren 11an egongo dela erabilgarri, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Plataforma deskargatzeko laguntza behar duenari esku bat bota asmoz, jarraibideak biltzen dituen tutoriala eskuragai jarri dute web-orrian.

Konferentzian parte hartuko dute pentsalari marxista feminista entzutsetsuek. Silvia Federici, Tithi Bhattacharya, Christine Delphy, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Ana Cecilia Dinerstein, Nancy Fraser, Elsa Dorlin, Dilar Dirik, Jules Falquet eta Frigga Haug aditzeko aukera izango du konferentziara konektatzen denak.

 

Hizlarien artean Euskal Herriko emakumeak ere egongo dira.

Gaitegi aldetik, zabala da egitaraua. Intersekzionalitatea eta beronen bueltan korronte feministen artean dauden eztabaidetatik hasi, eta feminismo garaikidearen erronketaraino, askotariko gaiez hitz egingo dute hizlariek.

Konferentziaren antolaketa lanetan dabiltza Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Parte Hartuz ikerketa taldea, Iratzar Fundazioa, Rosa Luxemburgo Fundazioa, Transform! Europe, Critical Theory Bilbo-Barcelona (BIBA CT), eta Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT).