Ernai gazte antolakundeak eta Ikasle Abertzaleek larunbatean Altsasura joateko deia egin diote euskal gazteriari. "Zirko mediatikoa" salatu eta atxilotuak askatzeko exijitu dute.
“Titular guztiak guri buruz dira baina ez digu inork ezer ere galdetu” Berri Txarrak taldeak kantatzen dituen hitzak ezin hobeto egokitzen dira Altsasuko egoerari. Ezin hobeto antolatutako zirko mediatikoari esker, Altsasu, bere gazteria eta herri mugimendua jo puntuan jarri ditu oligarkia mediatikoak.
Herri honetako pasarte ilunenak idatzi ditu Guardia Zibilak baina hedabide askok lan handia egin dute dena manipulatzen. Poliziaren gezurrezko bertsio ofiziala jaso, titulua jarri eta inprentara zuzen-zuzenean. Lan profesionala. Gazteok aspaldi ikasi genuen ordea, lerro arteak irakurtzen, hitzen sakonera argitzen, gezurrak gezur direla pentsatzen.
Jakin badakigu zer den gazte konprometitua izatea Herri honetan. Eta jakin ere badakigu zein izan den Guardia Zibilaren jarrera gazteekiko. Horregatik zeuden Altsasuko gazteak aldez aurretik jo puntuan. Horregatik erabili dituzte tabernako gertakariak Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera berresteko.
Muntai polizial, zirko mediatiko eta antzerki politiko-judizialak sortutako zurrunbiloaren erditik, gure babes osoa bidali nahi diegu espetxeratutako zein inputatutako gazteei eta beraien senideei. Gure babes osoa doakie baita Altsasun egunero-egunero borrokan dabiltzan gazte guztiei, haien konpromisoa balorean jarriz.
Horregatik, Azaroaren 26an Altsasun ospatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Euskal Herriko gazteriari. Zabaldu ditzagun azaroaren 23an heziguneetan gure elkartasun keinuak!
Kriminalizaziorik ez!
Utzi bakean Altsasu! Utzi Bakean Euskal Gazteria!
Ikasle Abertzaleak eta Ernai gazte antolakundea