argia.eus
INPRIMATU
"Vitoria 3 de marzo" filma
Azala eta arima, irabazitakoa eta irabazteko duguna
  • “Ikusi behar den pelikula da, baina borroka haren arima falta zaio”. Honela laburbildu zidan amak Martxoak 3 filmaren inguruko bere iritzia.

Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko maiatzaren 27a
\"Vitoria 3 de marzo\" filmaren afixa.

Bizitzan hurbil izan ditudan guraso biologiko zein politikoek intentsitate handiz eta bertatik bertara bizi izan zituzten 1976ko Gasteizko grebak. Beti nabarmendu izan dizkidate hilabeteetako greba mugimenduaren bi ezaugarri, oso estuki lotuak daudenak. Bata, asanbladan oinarritutako antolaketa modua: parte-hartzea eta demokrazia zuzena sustatzen zituena, non asanbladaren ordezkaria asanbladak berak kargugabetu zezakeen noiznahi. Bestea, grebaren prozesu izaera, politizazio prozesu batena. Hiru hilabetetan Gasteiz piztu zuen jendetzaren gehiengo zabala formazio politiko eta esperientzia militanterik gabea zen, boterearekiko otzana eta konformaerraza. Pixkanaka ahots propioa garatzen joan zen jendetza hori, ordea: ahots indibiduala, asanbladetan berdinen artean partekatzeko; ahots kolektiboa, nagusiei desobeditzeko. “Eskola antikapitalista” bat, finean, filmaren garaiko irudietan agertzen den langileetako batek aspaldi nabarmendu zidan bezala (sasoi hartako benetako irudiak tartekatzen ditu pelikulak, modu aproposean).

Aukera galdua

Forma eta prozesua, horiek dira nire ustetan borroka haren altxor politikorik mamitsuena; eta apenas dagoen filmean altxor horien arrastorik. Antolaketa ereduarenak zertxobait bai, batez ere hasierako asanbladaren unean. Prozesuarenak ia ezer ez. Aukera handia galtzen dute filmaren egileek. Gertakizunak bikote gazte baten maitasun harremanaren eta neskaren klase ertaineko familiaren inguruan harilkatzen dituzte: filmari inongo ekarpenik egiten ez dioten istorioak. Zergatik ez baliatu bestelako istorio batzuk, harilkatze lan horretarako? Guraso eta seme-alabentzako etxebizitzaren gela bakarra alokatuta bizi den familia bat hartu zitekeen, esaterako, ohiko egoera baitzen orduko langileen artean. Edo, bikote bat hartuta ere, zergatik ez greben bitartean balorez eta jarrerez mudatu zuten gizon eta emakume horietako banaren bizipen zinez interesgarriagoak?

Forma eta prozesua, horiek dira nire ustetan borroka haren altxor politikorik mamitsuena; eta apenas dagoen filmean altxor horien arrastorik

Gasteizko greben azala agertzen du Martxoak 3 filmak: grebak egon ziren; une jakin batean jarraipena masiboa izan zen; poliziak sarraskia egin zuen ―gordinki eta egoki irudikatutako sarraskia―; ez da egon aitortzarik, erreparaziorik edo justiziarik gerora. Aldarrikatzen eta oroitzen jarraitu behar dugun azal garrantzitsua, zalantzarik ez. Baina borrokaren edertasun (po)etiko eta potentzialtasun politiko sakonena ahaztua geratu da.

Irabazitako lubakietatik harago

Sarraski bidegabea, bost hildakoak, boterearen zigorgabetasuna. Araban ez ezik, Euskal Herrian ere irabaziak ditugun kontakizunaren lubakiak, (ia) inork auzitan jartzen ez dituenak. Urteetako borroken ondorioz irabaziak. Horiek denak jasotzen ditu filmak. Irabazi direnak asko dira, baina irabazteko ditugunak ez dira gutxi. Eta filmak ez du ekarpenik egiten horietan; ez du deus arriskatzen egun disputan dauden edo boterearentzako onargarriak ez diren gakoen inguruan.

Greba mugimenduan emakumeek izan zuten parte-hartzea bistarazteko borrokan ari da Gasteizko feminismoa, azken urteetan horren ikusgarritasuna biderkatzea lortu du. Garai batetik hona, amari ere eskatzen diote bere bizipenen kontakizuna egitea, ordura arte aitari bakarrik. Aurten emakumeen lekukotasunak jasotzen dituen liburua aurkeztu berri da. Zer edo zer iradokitzen badu ere, filmak ez die justiziarik egiten orduko eta egungo borroka horiei.

Filmaren arabera, martxoaren hiruko sarraskiaren bultzatzaileak Madrilgo militar frankistak dira, diktaduraren nostalgikoak. Ordea, Gasteizko enpresari talde bat izan zen Madrilera jo zuena, grebalariak estuago hartzea eskatzera. Forjas Alavesas enpresaren nagusi Pedro Luis Aguirre buru. Sarraskia hiru egunera gertatu zen.

Filmean, boterearen barneko “zenbait gauza aldatu ezer aldatu ez dadin” posizioa galtzaile ateratzen da martxoaren hiruan, frankista moldakaitzen aurrean. Baina kontuz. Martxoaren 3ak ez du iraganeko diktaduraren jarrera islatzen; egungo demokraziarena baizik. Trantsizioa gidatzen ari zirenek ezarri zuten agertoki demokratiko berrirako muga gorria hilketen bitartez, ez trantsizioaren aurka eskuinetik zeudenek. Martin Villak esana da: “Bost pertsona hil behar izan ziren, gainontzekoak kate motzean lotzeko”.

Irabazitako lubakiak sendotzeko balio dezake filmak. Baina Gasteizko greben arima eta kontakizunean oraindik ere irabazteko ditugunak beste toki batean bilatu eta sortu beharko ditugu

Martin Villa eta Manuel Fraga

Eskatu al dakioke filmari eta haien egileei irabazi gabe dauden lubaki horietan arriskatzeko? Galdera hori egiten diot nire buruari. Eta uste dut baietz, egileek lubaki horiek irabazteko borrokan ari diren Gasteizko zenbait herri mugimendutan laguntza, babesa eta zilegitasuna bilatu eta aurkitu dutelako, eta ez gutxi. Martxoak 3 elkartea ikur. Zentzu horretan, mingarria eta itsusia egin zait Martin Villari eta Manuel Fragari aipamen zuzenik ez egitea. Sarraskiaren erantzule politiko nagusienak akaso, eta bereziki gorrotatuak Gasteizen. Gogoratu behar dugu Martin Villa epaitzeko kanpainan buru-belarri ari direla Espainiako Estatuko hainbat elkarte, Martxoak 3 elkartea barne. Fragari dagokionez, filmaren estreinaldian bazegoen irudikaturik –aktore galiziar batek interpretatua–, zergatik erabaki dute pelikulatik kentzea?

Ikusi beharreko filma, bai. Begirada kritiko batetik, eta bistaratzen dituenak aintzat hartuz. Irabazitako lubakiak sendotzeko balio dezake filmak. Baina Gasteizko greben arima eta kontakizunean oraindik ere irabazteko ditugunak beste toki batean bilatu eta sortu beharko ditugu.