Lan Ikuskaritza ofizioz ikertzen ari da Meccti kontratazio enpresa, emakume horien duintasunaren eta oinarrizko eskubideen aurka egin duelakoan. Azafatek kontatu dute aukeraketan jasandakoa: gorputza, hortzak, azala eta beste xehe ikuskatu zizkieten, eta ezaugarri fisiko horien arabera hautagaiak baztertu zituzten.
Kuwait Airways konpainian hegazkineko laguntzaile izateko lan-eskaintza iragarri zuen azaroan Meccti enpresa kontratatzaileak, Madrilen, eta hautaketa prozesuan ea emakumeen duintasuna, intimitatea eta oinarrizko eskubideak urratu zituzten ikertzen ari da Espainiako Lan Ikuskaritza. “Urraketa oso larriengatik” zigorra jaso dezake enpresak, 225.000 eurorainokoa.
Hautaketa prozesuaz gain, Mecctiren Instagram kontutik zabaldu zuten lan-eskaintza bera ere ikerketapean dago, eskatzen ziren baldintzengatik: “Altuera eta pisua proportzionalak izatea, eta gutxieneko 160 zentimetroko garaiera”, “medikoki sasoi onean, Kuwaiten azterketa mediku bat pasatzeko gai”, “itxura orokor bikaina”.
Espainiako Lan Ikuskaritzak gogorarazi du zigortu daitekeela datu pribatuak eskatzea, diskriminatzaileak izan badaitezke lana eskuratzeko orduan. Gainera, ikuskaritza aztertzen ari da ea Meccti enpresaren ekintzak delitu gisa epaitu litezkeen, Fiskaltzara bideratzeko.
Ofiziozko ikerketa zabaldu dute, hautagaietako inork ez duelako salaketa formalik jarri momentuz. Halere, El Diario hedabideak hiru emakumeren testigantzak bildu ditu, eta xehetasunez kontatzen dute nola diskriminatu zituzten azafatak ezaugarri fisikoen arabera.
Hegazkin-laguntzaileek zenbait eraso azaldu dizkiote El Diariori, besteak beste, barruko arropan geratzeraino biluzarazi zituztela. Hautaketaren hasierako prozesua kontatzen du 23 urteko azafata batek: “Ingelesez oso ongi hitz egiten zuen jendea baina 37 urte zituena bota zuten. Tatuajeak zituztenak ere bai. Mutilei, hiru bakarrik zirenak, esan zieten ez zituztela kontratatuko, soilik Kuwaitekoak zirenak hartzen zituztelako. Neska bati zera galdetu zioten: ‘Gehiago jateko eskatzen badizugu, egingo zenuke?’ Dena bozgoran esaten zuten, inongo erreparorik gabe”.
Beste batzuei azarotik urtarrilera bitartean sei kilo argaltzeko eskatu zieten. Hautagaiei denen aurrean esan zieten ez zituztela gogoko euren gorputzak, “errusiar mendia” ziruditelako, “irribarre itsusia” zutelako, orbain edo pikorta gehiegi zituztelako, eta abar.
Hurrengo pausoa izan zen banan-banan Madrilgo Barajas aireportu alboko Meliá hoteleko gela batera sartzea –han zen lan-elkarrizketa–, eta bertan, emakume batek xehe aztertzen zituen hautagaien gorputza zein hortzak. Orduan eskatzen zieten arropa kentzeko, gona altxatzeko, edo botoiak eta kremailerak askatzeko. Altuera neurtu eta pisuaz galdetzen zieten, prozesuan aurrera egingo zuten edo ez erabakitzeko. Espainiako Estatuan legez kanpokoa da gorputzak horrela ikuskatzea lan-eskaintza batean. “Iraingarritzat eta onartezintzat” jo du Mecctiren jarrera Espainiako Lan idazkari Joaquín Pérez Reyk.
23 urteko azafatak azaldu du kontziente zirela gertatzen ari zena ez zela “normala”, eta emakume asko negarrez irten zirela hautaketa prozesutik. Lan-elkarrizketa amaitu aurretik alde egin zuen, baina aitortzen du kosta egin zitzaiola gertatutakoa ulertu eta onartzea: “Gurasoek jaso ninduten eta hor hasi nintzen guztiaz ohartzen. Oso gaizki sentitu nintzen, une horretan ez zara konturatzen, askok diote nahi izan duzulako egin duzula, baina hain da surrealista momentuan... ez nuen ulertzen gertatzen ari zena”.
Meccti enpresak nazioartean kontratatzen ditu hegazkinetako laguntzaileak, hainbat hegazkin konpainiatarako, hala nola Kuwait Airways, Qatar Airways, Etihad, Saudi Arabian Airlines edo Spice Jet. 1997an sortu zen enpresa, Middle East Cabin Crew Training International izenean, eta sare sozialen bidez iragartzen dituzte lan-eskaintzak.