Kataluniako Auzitegi Nagusiak berretsi egin ditu Toté Vignau enpresari Lan Ikuskaritzak 2018an jarri zizkion isunak. 2017ko Conde de Godó tenis txapelketan, Schweppes konpainiak kontratatu zuen enpresa horrek gona eta mauka motzean jarri zituen lanean azafatak, hotz egiten zuen arren.
Lan ikuskaritzak 10.000 eta 187.000 euro arteko isunak jarri zizkien bi enpresei, UGT sindikatuak jarritako salaketa medio. Toté Vignau enpresak helegitea jarri zuen Lan Ikuskaritzaren epaiaren aurka, baina Auzitegiak atzera bota du.
UGT sindikatuak, kontratatutako zortzi azafaten lan egoera "sexistagatik" eta euren osasuna babesteko neurririk ez hartzeagatik salatu zituen Toté Vignau eta Schweppes, azafatetako batek egindako salaketetan oinarrituta. "Gona motza eta haragia erakustera. Ezin genuen jakarik jantzi, marka estaltzen zuelako. Jantzia ikusi behar zen, bost axola hotz egiten bazuen", azaldu zuen. Egun batean eskuoihalak baliatu zituzten hankak estaltzeko. "Egundoko errieta egin ziguten eta barkamena eskatzera ere heldu ginen".