Erleak zorioneko dabiltza. Erleak, geratzen diren bakanak. Izan ere, gure asmo zitaleko intsektizida, pestizida, herbizida eta antzeko pozoiak barra-barra erabiltzen jarraitzen dugun artean, gure ospitaleak mukuru betetzen ditugun bezalaxe daude erleenak ere. Geratzen diren bakan horiek, hala ere, zorioneko dabiltza.
Zorioneko oraintxe loraldi betean baitaude lehen Kruziferoak eta egun Brassicaceae deitzen den familiako landareak. Horietako batzuen izen geure-geurea beste bat da: aza jendea (Brassica spp.). Hainbeste landu ditugu, hainbeste jan dugu haiengandik, hainbeste jan-tzi gara haiekin, hainbestetako jaki izan dugu, hainbesterainoko jaki-ntza izan dugu… Neurri handi, oso handi batean gure jakintza eta kultura azari zor diogu. Eta osasunerako ez da jaki hoberik, eta gustatu zaigu, eta lantzen ikasi dugu.
Azak lantzeak milaka urtetan eta milaka tokitan aza jendea zabaldu eta hedatzea ekarri du. Aza erein, aza landatu, aza zaindu eta aza jan, eta ale batzuk hazitarako utzi; ale horiek bere garaian gara abiatu edo garatu, pirukatu, tontortu, zildu, zakildu, kukulatu, kukuildu, morronkatu, morrondu, goiti joan, hozitu, buztandu, gogortu, burutu, loretu, ernamuindu, ernatu, zoztu, galdurratu edo gailurtuko dira, muturrean lore sorta ederra zabaldu eta ernaldutakoan leka tankerako silikuatan hazi biribil-biribilak emateko. Garatu eta loratze hori da une garrantzitsuena, bai erleentzako, baita azentzako ere. Hortxe gertatzen da polinizazioa eta aberastasun genetikoaren trukaketa. Arra eta emea nahastea; erlea dela medio arrak eta emeak jokatuko dute; erleak agian jolastu, bi loreek jokatu. Eta haziak sortuko dira, aza-haziak. Baina zer nahasketa izan da hazi hori munduratu duena? Zein lore arraiotan ibili zen erlea polen putzuan zilipurdika? Eta zein beste loretara etorri da aldajoka jarraitzeko, beste haren polena utziz? Bi lore horien genetikaren nahasketa izango da hazi berritik letorkeenak. Eta urtero horrela, urteak etorri, urteak joan, milaka urtetan.
Eta horrelaxe sortu dira aza amon leinu batetik, basaza edo aza basa (Brassica oleracea), egun dugun aza jende aukera zabala. Batzuek lorea indartu dute: azalorea (Brassica oleracea var. Botrytis), brokolia (Brassica oleracea var. italica) eta erromaneskua (Brassica oleracea convar. botrytis var. botrytis). Beste batzuek hostoaren sena sustatu dute: gailego aza edo zuhain aza (Brassica oleracea var. acephala) edo kalea (Brassica oleracea var. sabellica eta var. palmifolia). Aza muskarraren alboetako begiak haziz hedatu da Brusela aza (Brassica oleracea var. gemmifera). Txortenaren edo trontzoaren zentzuari eutsi diote errefau-azak (Brassica oleracea var. gongylodes) eta makilatarako azak edo aza hostokakoak (Brassica oleracea var. longata). Eta azken muturreko begia edo kimua lehenetsi zutenetatik eratorriak ditugu buru aza (Brassica oleracea var. capitata f. alba), aza gorria (Brassica oleracea var. capitata f. rubra), aza zorrotza (Brassica oleracea var. capitata f. acuta) eta aza kizkurra (Brassica oleracea var. sabauda). Azken horiek denak dira azakobak edo aza buruak. Aza burutsuak. Eta guk iraingarri erabiltzen ditugu aza hosto, azaburu… Ustez burutsuok.