Arrandiaz inauguratu du Narendra Modi lehen ministroak Ayodhyako Ram Janmabhoomi Mandir, Rama jainkoaren jaiolekuko tenplua, urtarrilaren 22an. Indiako hauteskunde orokorretarako hiru hilabete geratzen direnean, Modi hautagaiak esan dezake 2019ko hauteskunde-kanpainan egin zuen promesa potoloetako bat bete duela gailentasunez. Templu ikusgarria –tamainaz nahiz apainduraz– ez ezik hiritzar tematiko galanta ere eraiki baita aspaldi gabe herrixka erdi-galdua baino asko gehiago ez zen Ayodhyan, aurrerantzean espero diren erromes-oldeen zain. Egundoko dirutza publiko zein pribatuak inbertituz.
Bikain, orduan? Tira. Baten batek esan du gertakari historikoa dela. Bai, baina agian ez usu emango litzaiokeen adieran. Ayodhyako Ramaren tenpluaren eraikuntza egitate historikoa da, baina historia ilun eta odoltsuenetik datorrena, eta etorkizunean ere halatsu izateko arriskua duena.
Rama jainkoa bertan jaio izana litzateke abiapuntu mitikoa. Nolanahi ere, XVI. mendeaz geroztik, Babri Masjid meskita zegoen Ayodhyan. Hindu eta musulmanen arteko iskanbila eta liskar askoren eta 40 urtez itxita egon ondoren, 1992ko abenduan, Vishva Hindu Parishad-eko jendetza batek erauzi egin zuen meskita. Bizpahiru mila lagun hil ziren ondorengo istiluetan. 2019an, Indiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen meskita aurretiazko eraikin ez-musulman baten gainean zegokeela, eta horren emaitza da Modiren eraikuntza handiosa.
Indarraren arrazoia nork duen argi ikusi da; arrazoiaren indarra askoz banatuago legoke. Edonola ere, Ayodhyako gatazka ezin da ulertu Hindutva-k aspalditik, baina azken hamarkada hauetan bereziki, Indian duen goraldia aintzat hartu gabe. Eta haren isla politikoa den Modirena.
Zionismoarekin kidetu ohi dute Hindutva batzuek; nazismoarekin parekatzea bidezkoagoa iruditzen zaie beste batzuei. Litekeena da ikuspegi bat zein bestea horren erratuak ez izatea. Ukatu ezinezkoa da, edonola ere, arrakasta politiko nabarmena, hegemonia ere dei genezakeena, lortzen joan dela Modi, Adnavi eta gainerakoen BJP, haren aliantza nazionalista eskuindar malgu, barne-politika komunitarista eta kanpo-politika eklektikoaren eskutik. Eta bere nemesia izan den Kongresuaren gainbeheraren ifrentzuan.
Baina, betiere, RSS erakunde paramilitarraren eta haren beso sozio-politikoa den VHParen gerizpean arituz. Eta haiek dira, zalantzarik gabe, Ayodhyako Ram Mandir-a garaipen propiotzat har dezaketenak. Indiako biztanleriaren zati handi batek zuzen-zuzeneko eraso eta iraintzat hartuko duen bezalaxe.