argia.eus
INPRIMATU
“Axule”, Baztango gazta urdina
  • Patricia Tornero Vidal duela hamabost urte etorri zen Valentziatik, abeltzaintza ikasketak egitera eta Erratzun bizi da geroztik: "Argi nuen eskala txikiko proiektu bat nahi nuela" dio. Egun Baigorriko bizilagun bati behi esnea erosten dio eta horrekin eta etxeko hiru behietatik ateratzen duenarekin egiten du gazta urdina. Salmenta zuzenaren bidez banatzen ditu bere produktuak.

Garazi Zabaleta 2020ko abenduaren 23a

Patricia Tornero Vidal valentziar baztandartuaren proiektua da Erratzuko Pittika gasnategia. Urte eta erdi eskaseko ibilbidea izan arren, aurretik martxan zuen beste egitasmo batean du jatorria egungoak. “2014an ahuntzekin hasi nintzen lanean eta baserrian gasnategia jarri genuen”, azaldu digu. Animaliekin izandako zenbait zailtasun eta osasun arazo bat tarteko, 2019an ahuntzak kentzeko eta proiektuari beste norabide bat emateko erabakia hartu behar izan zuen. Horrela jaio zen Axule, “Baztango behi gasna urdina”.

Abeltzaintza eredu jasangarriaren alde

Zizurkilgo Fraisoro eskolara ikastera etorri zen Tornero duela hamabost urte, eta han bi urteko abeltzaintza ikasketak egin ondoren, Euskal Herrian gelditzea erabaki zuen. Erratzuko Dorrattipia baserrira mugitu eta abeltzaintzan dihardu geroztik. “Honetan jardun nahi izan dut betidanik, baina argi nuen eskala txikiko proiektu bat nahi nuela, animaliekiko eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritua eta nire neurrira egina”. Valentzian abeltzaintza industriala gertutik bizi izan zuen Tornerok, eta horrek ez zuen batere zerikusirik berak martxan jarri nahi zuenarekin.

60 bat ahuntz jarri zituen hasieran eta haien esnearekin egiten zituen gaztak, baina iaz kendu egin behar izan zituen, eta berriz hutsetik abiatzea bezala izan zen hori. Baigorriko bizilagun bati behi esnea erosten eta frogak egiten hasi zen. “Abeltzain txiki bat da, gugandik oso gertu, Izpegiko gainean behiak dituena, eta gure printzipio berekin ekoizten duena”. Hari erosten dioten eta etxeko hiru behietatik ateratzen duten esnearekin egiten du gazta urdina Tornerok. “Inguru hauetan ardi gazta ekoizten da nonahi, eta hori bikaina da, baina guk zerbait desberdina egin nahi genuen”. Axule ez da Pittikako produktu bakarra, dena den: pasta biguneko behi gazta eta heltze denbora luzeko beste bat ere egiten dute. Guztia, eredu ekologikoan. “Zalantzak izan genituen zigilua eskatzerakoan, hori gabe ere modu jasangarrian ekoitzi baitaiteke, baina azkenean kontsumitzaileentzako berme moduan ziurtagiria jartzea erabaki genuen”. 

Salmenta zuzena

Elizondon saltzen dute batez ere Axule gazta, bertako ekoizleen azokan, baina Iruñera ere mugitzen da valentziarra. “Geltokiko hileroko azoka ekologikoan parte hartzen dugu, eta Ekoalde banaketa sarean ere sartu gara”. Urte eta erdiko ibilbidean erantzun oso ona izaten ari direla dio, eta pozik dago koronabirusaren garaiotan sortutako zailtasunei aurre egitea lortu duelako.

Behi gazta gutxi egiten den eskualdean pixkanaka produktu berriak sartuz bere tokia egiten ari da Pittika gasnategia. Gazta urdinaren zaleek ez dute aitzakiarik, beraz, hurbilean eta modu jasangarrian ekoitzitakoa kontsumitzeko.