argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak |
Axular eta ebaluazio diagnostikoak

Behe Banda 2024ko uztailaren 15a
Irudia: Behe Banda

18:45. Zazpietarako egin dute hitzordua lagunek, baina prest egotetik urrun harrapatu nau mugikorreko alarmak. Sandien marrazkitxoak dituen pijama soinean eta ordenagailuko Google dokumentu hutsari so, onartu dut gaur ere ez naizela garaiz iritsiko. Dena den, aitzakiak ez du preziorik oraingoan: ARGIArako zutabe bat idazten ari nintzen. Imajinatu ditut lagunen aho irekiak, eskuetako Estrella Galiciak poliki-poliki lurrera irristatzen zaizkien bitartean.

Aitzakiak ez du preziorik, aitzakiak ez du preziorik… Tira, kosturen bat edukiko zuen agian honek guztiak. Zergatik ari naiz ni zutabe bat idazten? Zergatik nago ni literatura banda batean? Zergatik gustatzen zait niri idaztea? Meritu propioaren utopia alboratuz, burura datorkit DBHko 2.mailan egin ziguten ebaluazio diagnostikoa, edo, beste modu batera esanda, “ikastetxeei hezkuntza prozedurak hobetzen laguntzen dien prozesua”. Zenbait konpetentzia neurtzen zituzten proba luzeen ostean, azken huskeria bat: ikasleon errendimendu ona (edo eskasa) justifikatzen duten faktoreak bilatzeko galdetegia.

Galdera zopa hartatik bat bakarra gelditu zitzaidan gogoan: ba al duzu Axularren Gero etxean? Egongelako apalategiaren erdian pausaturik dagoen liburu lodi zaharkitu bat, bibliaren ondoan. Bai, badut. Eta zer gehiago? Etxe bat ere badut, liburuz betea. Eta aita bat, irakurzalea izateaz gain irakurtarazizalea ere badena. Eta zer gehiago? Ikastolan irakasle bikain bat ere eduki nuen, ariketak amaitzean irakurtzera bultzatzen gintuena, ariketa gehiago bidali ordez. Irakasle bat, gainontzekoen gabeziak agerian uzten dituen horietakoa.

Ni une honetan idazten aritzearen gutxi gorabeherako prezioa etxe batena, ikastolako matrikularena eta Axularren 'Gero' liburuarena da

Kalkuluak egiten hasiz gero, ni une honetan idazten aritzearen gutxi gorabeherako prezioa etxe batena, ikastolako matrikularena eta Axularren Gero liburuarena da. Azken honen ale merkeenek hogei euro inguru balio badute, atera kontuak. Beraz, kasualitatetik urrun, honek badu kostu bat, eta prezio batez etiketatzen dugun gauza ororen moduan, denok ezin dugu ordaindu.

Ebaluazio diagnostikora itzuliz, irudikatzen ditut milaka eta milaka ikasleri egindako galdetegiak, errealitate gordin baten isla diren galdetegiak “informazio konfidentziala” jartzen duen pegatinadun kutxetan sarturik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera bidean.

Irudikatzen ditut pertsona helduak gela zuri batean, betaurrekoak sudurreraino jaitsita kutxetako paperak irakurtzen. Ordubete igarotakoan, gizon bizardun batek esango du aurtengoan ere emaitza txarrak egon direla, eta beste batek erantzungo dio ez dela harritzekoa, gazteak geroz eta okerrago datozela. Ezpainak gorriz margoturiko emakumeak esango du haur guztiek eduki beharko luketela liburutegi bat etxean, errua diru nahikorik ez duten gurasoena dela. Bere lagunak aipatuko du errua nerabe nagiena dela, dena eskura eduki arren ez dutela ezer egiten, eta besteren batek pentsatuko du atzeratuta doazen etorkinen umeak direla erantzuleak, baina ez du ezer esango, badaezpada.

Erantzuleak erantzule eta errudunak errudun, aho batez dekretatuko dute hurrengo ikasturtetik aurrera DBH 2. mailako ikasle guztiek ezinbestean irakurri beharko dutela Axularren Gero, eta cappuccino bat hartzera joango dira mundua konpondu duten sentipenarekin. Alboko gelan Urruzuno gazte literatur lehiaketaren aurrekontua murriztu berri dutenak batuko zaizkie handik gutxira, eta denen artean ospatuko dute zeinen azkarrak diren. Oinarrizko kontraesanei jaramonik egin gabe erreformatzea gaitasun bat da, azken finean.

Onartuko dut nik ere ez dudala Axularren Gero irakurri, baina esango nuke mezua ulertu dela.