argia.eus
INPRIMATU
Avianca, Latinoamerikako bigarren airelinea handienak porrot egin du
  • Matxoaren erdialdetik dago geldi enpresa kolonbiarra, eta irabazien %80a baino gehiago galdu duela adierazi du. Hori horrela, AEBetako porrot ekonomikorako legeak baliatu nahi ditu, “berrantolaketa” abiatu eta Latinoamerikan dituen 21.000 lanpostuak mantendu ahal izateko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 11
Argazkia: ELTIEMPO.COM.

Koronabirusaren krisiak aire trafikoaren %90a baino gehiago geldiarazi du, eta airezko garraioaren industriaren irabaziak 289.863 milioi euro gutxitzea espero dute. Avianca da horren adibide garbia; irabazien %80tik gora galdu baitu, “beren likideziarentzako presio esanguratsua” konpainiaren hitzetan.

Aviancak AEBetako porrot ekonomikorako legea erabili nahi du “operazioak babestu eta mantentzeko eta bezeroei bidaia seguru eta fidagarriak eskaintzeko, betiere COVID-19aren aurkako neurriak leuntzean eta biosegurtasuneko protokolo zorrotzak erabiliz”.

“Berrantolaketa” hitza erabili du krisiaren ostean enpresaren jarduna zehazteko. Izan ere, Kolonbiako barne-garraioari begira jarri nahi du enpresak, herrialdeko barne-merkatuko zerbitzuen %50a emanez. Horrela 21.000 langileen lanpostuak mantendu nahi ditu, horietatik 14.000 Kolonbian bertan.