argia.eus
INPRIMATU
Avanza autobus enpresari kontratua ez luzatzea eskatu dute Debagoieneko alkateek
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua amaitzear denean, hura ez luzatzeko eta “zerbitzuan hobekuntzak” jasoko dituen kontratu berria onartzeko eskatu diote Debagoieneko alkateek.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abenduaren 10
Zerbitzua hobetze aldera, hainbat proposamen egin dituzte Debagioeneko alkateek. Arrasateko Udala

“Azken urteetan erabilerak gora egin duen bezala, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera azken urteetan”, azaldu dute alkateek prentsaurrekoan. “Autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak... Debagoienak duen garraio publiko bakarra autobus zerbitzua da eta iruditzen zaigu ez dituela gure eskualdearen mugikortasun beharrak egoki erantzuten”.

Arrasateko Maider Morras, Eskoriatzako Edorta Zubizarreta, Aretxabaletako Garikoitz Iturbe, Oñatiko Izaro Elorza, Bergarako Gorka Artola, Antzuolako Olatz Lezeta, Elgetako Ibon Unzetabarrenetxea eta Leintz Gatzagako Dorleta Elkorobarrutia alkateak izan dira prentsaurrekoan. Kontuan hartu behar da herri horietan ez dagoela bestelako garraio publikorik, trena, esaterako.

Avanza 2019an hasi zen Euskal Herrian zerbitzuak eskaintzen, uda hartan PESA erosi ostean. Egoitza nagusia Madrilen duen enpresak hainbatetan eragin ditu erabiltzaileen kexak, eta pasa den azaroan, halaber, Gipuzkoako Avanzako langileek iragarri zuten berriro ekingo ziotela grebari, lan-hitzarmena hobetzea eskatzeko."Europako herrialde batzuetan lanaldiak murrizten eta kontziliazioa errazteko lan-baldintzetan hobekuntzak ezartzen ari diren arren, Avanza Movilidad Gipuzkoak bere langileei egunero ordu gehiago egiteko eskatzen die, lan-poltsa arautzeari uko egiten dio eta txanda-kontratuei heltzeko aukera ukatzen du", zioen Enpresa Batzordeak, EITB.eus-ek jaso zuenez.

“Orain da momentua autobus zerbitzu publikoa hobetzeko, aukera hau aprobetxatuta, baldintza berriak ezarri eta kontratu berria egiteko”, diote Debagoieneko alkateek. “Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus zerbitzua hobetzeko aukera hau ez galtzeko eskatzen diogu”. Zentzu horretan, “urgentziaz” heldu beharreko hiru eskaera konkretu egin dituzte.

Batetik, herrien arteko loturaren maiztasuna hamabost minutukoa dela bermatzea, horretarako linea azkarrak jarri eta linea batzuen kapilaritatea zabalduta, alegia, autobusak auzo gehiagotara heldu daitezela bermatuta. Bigarrenik, hiriburuekin dauden loturak hobetzea, maiztasuna handitu edota errefortzuak indartuta, esaterako. Eta, hirugarrenik, puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea, eta horretarako autobus kopurua egokitu, ibilgailuak behar bezala mantendu eta San Prudentzio eta Epeleko errotondaren artean autobusentzako errei propioaren aukera aztertzea.