argia.eus
INPRIMATU
Auzolanari esker, prest daude Errigoraren saskiak; eskaerak baino ez dira falta
  • Hiru egunez auzolanean jardun dira Ablitasen Errigorako kide nahiz boluntarioak. Datorren egunetan hainbat herritatik iritsiko diren eskaerak baino ez dira falta saskiak etxeetan izateko. Herrilana izan da proiektuaren oinarria.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 07a
Euskal Herri osotik iritsitako boluntarioak izan dira Ablitasen

Elikadura burujabetza, euskara eta Nafarroa ardatz dituen ekimena da Errigora. Aurtengo kanpainan zubiak eraikitzea izan dute helburu, herriz herri dabilen karpa ibiltari bati esker. Errenterian hasi eta dagoeneko Lekeitio, Leitza eta Iruñean izan da. Mobilizazioa eta herrilana indartu nahi izan dute, zubiak eraikiz.

Ostegunean hasi ziren lanean Ablitasen. Porrotx pailazoaren bisita izan zuten Lodosa, Viana eta Tuterako ikasleek: abestu, dantzatu, bertako produktuak dastatu eta bertako olio errota ere ezagutzeko aukera izan zuten. Errigora zer den eta nola antolatzen den entzun ahal izan zuten Porrotxen ahotik. Larunbatean saskiak osatzeko erabili zituzten kartoizko kutxak ere prestatu zituzten, herrilanean.

Ostiralean kanpainan parte hartzen ari diren 25 ekoizleak bildu zituzten kooperatiban bertan. Kontsumo sare berriez aritu ziren: harreman zuzenez, eta etorkizunean sor daitezkeen merkatu eta zirkulu alternatiboez, besteak beste.

Larunbatean iritsi zen lanerako ordua: saskiak prestatzen hasi ziren. Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi ziren boluntarioei esker burutu ahal izan zuten lana. Prentsara igorritako ohar batekin, Errigorako kideek esker beroenak eman nahi izan dizkie gerturatutako boluntario guztiei. Beraiek gabe “ezinezkoa izango baitzen herrilanean aritzea”.