argia.eus
INPRIMATU
Auzolana pilotalekua ez ikutzeko aukera jasoko du Gasteiz Antzokiaren ideien lehiaketak
  • Gorka Urtaranen gobernuak Auzolana pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera emango du Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketan.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko urtarrilaren 18a
Auzolana pilotalekua. (Argazkia: Arabako Alea)

Udal gobernuak Auzolana pilotalekuaren oraingo egoerari eusteko aukera emango du Gasteiz Antzokirako ideia-lehiaketan, "proiektuak adostasun nahikoa izan dezan sorreran, eta geroko garapenean". Udal talde politikoei, euskalgintzako taldeei eta Alde Zaharreko auzokideei "beste keinu bat eginez" hartu du erabakia Urtaranen gobernuak.

Hirigintza saila ideia-lehiaketaren baldintza-agiria idazten ari da, hiriko arkitektoek Gasteiz Antzokiaren eraikuntza-proiektua diseinatzeko aukera izan dezaten. Ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak aztertuko du baldintza-agiri hori. "Hainbat eragilek eta talde politikoek egindako eskaerak kontuan hartuz, pilotalekua eraisteko edo mantentzeko aukera emango zaie arkitektoei", azaldu du udal gobernuak. 

Santa Maria Katedrala Fundazioak joan den udan aurkeztu zuen proiektua eta  Eskoriatza-Eskibel etxadia proposatzen zuen Gasteiz Antzokia kokatzeko. Adituek lau kokapen aztertu zituzten, eta ondorioztatu zuten horixe dela egokiena, ondare eraikia berreskuratzen eta dinamizatzen lagunduko lukeelako, eta egin beharreko inbertsioaren gizarte errentagarritasunagatik.

Egitasmoaren inguruan duen informazio guztia helarazteko asmoa berretsi du udal gobernuak. “Kolektiboekin behar adina aldiz bilduko gara, proiektu hau aurrera ateratzeko”, esan du Iñaki Prusilla euskara zinegotziak.

Gasteiz Antzokia 2017ko aurrekontuan aurreikusitako ekipamendu berrietako bat da, 250.000 euroko partidarekin; 2018an 2,5 milioikoa litzateke aurrekontua.