argia.eus
INPRIMATU
Auzokoak egindako lanaz
  • Udazkena etorri da aurten, ni fede handirik gabe nengoen arren. Ez dakit zein mirari tarteko, hostoek erabaki dute orbel bilakatzea; eta jantzi egin dituzte bideak eta bazterrak, gorriz, laranjaz, horiz eta berdez. Zuhaitz guztiek bat egin dute manifestazio erraldoian, baita alertzeek ere, udazkenaren existentzia bera aldarrikatzeko, azkena balitz bezala.

Josebe Blanco Alvarez 2023ko abenduaren 18a
Argazkia: Paulo Etxeberria / CC BY-NC-SA 2.0 Deed

Urrezko aldapek irauteko ahaleginetan, etxerako bidea patinaje pista bilakatu dute, ibilgailurik pasa ez dadin. Orkatzek eta basurdeek festa dute, eta bidea zeharkatzen dute goitik behera eta behetik gora, lurrezko lorratzak kaminoan utzita. Zalantzan ziren harriek bat egin dute manifestazioarekin, udazkenarekiko elkartasunez.

Espero ez zuten gonbidatuak zain ziren: egur-zaleak. Entresakatik ateratako egurra bide bazterretara heltzeko, aldapan behera botatakoan eramandako lurrak eta harriek ere ohantzea topatu dute bide erdian.

Eta orain? Orain garbiketa brigadaren ordua heldu da, menditarrak segurtasunez etxeratuko badira. Menditar gutxi geratzen dira bazter hauetan, hiru etxetan baino ez dago surik egunero; bi etxetan, 2,3 kilometro dituen bidea garbitzeko sasoia duen jendea.

Kilometro horietan, ordea, zuhaitz-landaketak daude bidearen kontra; osasuntsu batzuk, gaixo bestetzuk. Denboraleak botatako enbor zatiak baztertu ditu menditarrak behin baino gehiagotan, jabea ez dela azalduko ongitxo baitaki. Nola jaitsi, bestela, institutura doazen gazteak autobus geltokira, edo gazta banatzera edota Azkoitiko azokara ogia saltzera? Nola etorriko zereala dakarren kamioia? Eta irina?

Auzolana antolatzea pentsatu du menditarrak, ezin baitio eskaini goiz gehiago bidea garbitzeari. Urliari deitu, sandiaren telefono zenbakia eskatu, berendiari zeuk abisatu... Gutxi batzuek hartu dute deialdia erantzukizunez, hiruk. Gehiengoak aitzakiaren atzean gorde dira; etorri ezean, 50 euroko ekarpena egin beharko duela entzun arte. Azkurak, akaso, mugituko ditu auzolanera.

Auzolanari eta azkurari uko egiten diotenak ere badira. Haiek zergak ordaintzen dituzte. Kaletarrek ez dituzte kaleak garbitzen. Gutxitan erabiltzen dute bidea. Joan dadila menditarra udaletxera eskatzera.

Isilpean geratu dira hutsik dauzkaten baserriak eta egurrarekin ateratako etekinak. Isilpean, menditarrak hemen daudelako haiek ere badutela bidea. Isilpean, menditarraren lanari ateratako etekina.

Auzolana auzo geratu da. Lehen gurea zena, orain auzoarena. Auzoak egingo du. Auzo geratu da auzoa.

Bideetako orbelezko tapiz koloretsuak lokatza ere ezkutatzen du.