argia.eus
INPRIMATU
Herri Labanderia ireki dute Gasteizko Alde Zaharrean, udalak abandonatutako espazioan
  • Dutxa Etxea zena 2013an itxi zuten Javier Marotoren alkatetza garaian, “integrazio arazo bat” zela argudiatuta. Uztailaren 22an auzoko zenbait eragile eta bizilagun Alde Zaharreko lokalean sartu ziren Herri Labanderia izeneko garbitegia martxan jartzeko. Udaltzaingoa “oso modu bortitzean” bertaratu zen, baina ez zuen lokala hustea lortu.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 29a
Argazkia: Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea

Aste honetan Herri Labanderia irekiko dela iragarri zuten: “Urteetan zehar udalak abandonaturiko beste espazio bat auzoarentzat berreskuratu dugu”, azaldu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak, ekimenean parte hartu duen eragileetako bat. Alde Zaharreko Hedegile kaleko 117 zenbakian irekiko dute garbitegia, orain dela 11 urte itxitako Dutxa Etxearen gunean. 1948. urtean irekitako dutxa munizipalak “integrazio arazo bat” zirelako itxi zituztela arrazoitu zuen 2013. urtean udal gobernuak, Javier Marotoren agintaldian, baina EH Bilduko kideek adierazi zuten “murrizketa sozial” bat zela, eta urtean lokalak 33.000 eurokoa kostua besterik ez zuela, GasteizHoyk informatu duenez. Urtean 200-300 pertsona inguruk erabiltzen zituzten dutxak, udalaren datuen arabera.

Uztailaren 22an bizilagunak, eta udaltzainak bertatik aterarazten saiatu ziren. “Herri Labanderiaren espazio berria publiko egin eta munipak azaldu dira, oso modu bortitzean eta auzokideak kotxearekin ia harrapatuz”, azaldu zuten Auzoan Bizitik. Auzokideek, espazioa "defendatu” zuten, eta udaltzainek ez zuten lortu hustea.

Garbigailuarentzako dirurik ez

Udalak eta enpresariek Gasteizeko Alde Zaharra “erakusleiho” bihurtu nahi dutela salatu du Auzoan Bizik. "Gentrifikazio eta turistifikazio prozesuek gure auzotik alde egitera bultzatzen gaituzte: etxebizitzen prezio altuek, zarata jasanezinek, poliziaren presentzia eta jazarpen itogarriak, espazio publikoaren pribatizazioak, eta abar”, adierazi du azaldu dute. Bertako auzokide askok etxean labadorarik ez dutela salatu du etxebizitza sareak, edota ezin dituztela ordaindu erabiltzeak dakartzan “elektrizitate gastu handiak”. Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak ekimena txalotu eta babestu du.