argia.eus
INPRIMATU
“Auzo segurua, bizitza duen auzoa da”, Otxarkoagako auziaz beste ikuspegi bat
  • Ostegunean Bilboko Otxarkoaga auzoan izandako hilketak, auzoaren segurtasunaren inguruko eztabaida piztu du. Zenbait hedabidek eta pertsonek zabaldu duten ikuspegiarekin ez dago ados Karlos Renedo Otxarkoagako herri mugimenduko kidea.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 23a
Arg: Ignacio Perez

Ostegunean andre gizon batzuk hilik agertu ziren Otxarkoagako etxe batean. Zantzu guztien arabera lapurreta batean hil zituzten. Ertzaintzak bere gain hartu du ikerketa eta ostegunetik hiru adingabe atxilotu ditu auziarekin lotura izan dezaketelakoan. Ostiralean manifestazioa egin zuten auzoan hilketak salatu eta segurtasuna eskatzeko.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak segurtasunaz duen ikuspegiarekin ordea ez dator bat Renedo. “Aburtok segurtasuna polizia eta kamerekin nahasten du. Auzo segurua, bizitza duen auzoa da”, idatzi du twitterren herri mugimenduko kideak. “Estatistiken arabera Otxarkoaga delitu gutxien dauden bigarren auzoa da Bilbon” gaineratu du.

Auzoaren jatorriari erreparatzea garrantzitsua da, egungo arazoez hitz egiterakoan. Otxarkoaga langile auzoa da. Duela hamarkada batzuk migrazioa handia bizi izan zuen auzoak, “esku lan merkearen truke etorri ziren gure aurreko asko” dio Renedok.

Egun ere, ezberdintasun sozial handia bizi dute. Bilboko beste auzo batzuekin alderatuta, errenta hiru bider txikiagoa da. “Urte luzez auzoan egin diren inbertsioak oso baxuak izan dira beste batzuekin alderatuta” salatu du gazteak. Egun inbertsio falta horren ondorioak pairatzen ari direla uste du.

Otxarkoagan bizi dituzten arazoei, “modu integralean” egin behar zaiela aurre adierazi du. “Aktibitate ekonomikoa, urbanismoa, hezkuntza, eraikinen konponketa, zerbitzu publikoak... soluzio baten bidean ezinbesteko baldintzak dira”. Hausnarketa hauek twitterren zabaldu ditu.