argia.eus
INPRIMATU
Auzo pobrea gogaikarria da turismo aberatsarentzat
  • Auzo honetan [Bilbo Zaharra], pobreziaren, bazterkeriaren, langabeziaren eta irtenbiderik gabeko gazteen eta abarren tasa oso da altua. Orain, auzoko EH Bilduk batera interpretatzen dituen bi gertaera jazo dira: Mesedeetako kaleko 3. zenbakiko hotel berriaren irekiera eta justu ondoan dagoen osasun-etxe edo anbulatorioaren pixkanakako itxiera.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako EH Bildu 2019ko azaroaren 12a
Bilbo Zaharra (Argazkia: Zarateman)

Udaleko PNVko taldeak hilabeteak daramatza Axel Hotels LGTBI hotel-kateko jabeak limurtzen. Izan ere, haren lehendakaria Euskalduna Jauregian hitzaldi bat ematera gonbidatu zuten, guri sinestarazteko Bilbo gay friendly bat eraikitzen ari direla; hori bai, tokiko LGTBI elkarteek diote udalak ez dietela kasurik ere egiten. Dena dago eskrupulorik gabeko plan merkantilista baten barnean.

Baina hori ez da dena. Erdi- eta goi-klaseko jendearentzako hotel bati oso irudi txarra emango lioke ondoan anbulatorio bat egoteak, auzoko jendea ―jendaila, haientzat― etengabe sartzen eta irteten. Horrexegatik nahi dute Mesedeetako anbulatorioa itxi, kontuan hartu gabe inguruko nagusiek, lehen mailako arretako mediku-kontsulta bat izateko, Miribillako zentroraino joan beharko dutela.

Guk, auzoko EH Bilduko talde gisa, exijitzen diogu Bilboko udalari eta Osakidetzari ez bakarrik Mesedeetako anbulatorioa ez ixtea, baizik eta zerbitzua osasun-baliabide eta langile gehiagorekin sendotzea. Aldarrikapen horren harira, bat egiten dugu Bilbo Zaharreko, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundearekin, eta haren "MESEDEETAKO OSASUN-ETXEA HUSTEAREN AURKA" sinadura-bilketan parte hartzera animatzen ditugu auzokideak eta, oro har, bilbotarrak, zeina azaroaren 21era arte izango baita.