Testuinguru sozioekonomiko prekarioa nagusi da Terrassako Mare de Deu de Montserrat ikastetxean. Ikasleen %97 baino gehiago guraso migratzaileen seme-alabak dira bertan, eta saria eman berri diote eskolari, irakasle, guraso, aitona-amona eta bizilagunen elkarlanari esker emaitza oso onak lortzen ari direlako. Bost ikasleko, heldu bat dute ikastetxean, irakasle, tutore eta boluntarioen artean.
“Umeak ikusten du ama edo bizilaguna ikasgelan irakasten, eta inportante sentitzen da, erreferente dira eurentzat eta ikasteko gogoa pizten die, dakitena erakutsi nahi dute, eta gainera giroa ezin hobea da”, diote ikastetxetik.
Atzerritik (batez ere Marokotik) Kataluniara joandako amek ere alfabetizazio eskolak jasotzen dituzte eta horri esker autonomia handiagoa lortzen dute.
Gakoak, komunitatea eta elkarbizitza
Komunitatea da ardatza, eta ikasle guztien eta auzoko bizilagunen parte-hartzea duten bilkurak egiten dituzte. Batez ere, elkarbizitza hobetzeko moduak lantzen dira bilkura hauetan. “Haurrak ikasketetan arrakasta izatea garrantzitsua da, baina ez du halakorik izango eskola-giroan elkarbizitza nagusitzen ez bada, eta elkarbizitza lortuko dugu komunitate osoak norabide horretan egiten badu indarra”, dio ikastetxeko zuzendariak.
Emaitzak antzematen hasi direla eta absentismoa eta gatazkak nabarmen gutxitu direla azpimarratu dute. Emaitza akademikoak ere hobetu egin dira.
Mare de Deu de Montserraten argi dute zer egingo duten sariko diruarekin: udalekuetara joan ahal izango dute.