Azken hilabeteetan hainbat alditan hartu dituzte komunikabideen azalak lotarako lonjak okupatzen dituzten gazte migratzaileek: auzokideentzako arazo arriskutsu gisa izendatuta, eta ikuspuntu zigortzaile eta arrazistak elikatuta. Aurreko esaldiak herri eta batez ere hiriburu askotarako balioko luke, baina Gasteizez ari gara. Iragan urriaz geroztik, ordea, “auzokideen arteko” elkarbizitza arazoei ikuspuntu komunitario batetik heltzeko elkartu dira Arana, Alde Zaharra, Errota eta Judimendi auzoetako auzo elkarteak. Arana auzo elkarteko presidente Peio Salazar Roldán de Aránguizekin mintzatu da ARGIA, ezagutzeko egoera eta egiten ari diren lana.
Hori da Salazarrek azpimarratu digun lehenbiziko gauza, hain zuzen ere: arazoa ez dela auzo batena edo bestearena, ezta Gasteizena ere. Gizarte ereduaren ondorio zuzena delako, eta, ondorioz, toki askotan errepikatzen diren egoerak direlako. Nagusiki Magrebetik heldutako gazteez ari da, Euskal Herrira “auskalo ze ibilbide gogor eginda” heldu direnak, eta erabat babesgabe aurkitzen direnak, “laguntzarik, enplegurik, sarerik, aterperik gabe”. Asko mugitzen dira: “Egon daitezke hiru hilabete Iruñean, gero Bilbora joan, beste herrialde batean probatu eta tarte baterako Gasteizera...”.
Gehienen nahia enplegu bat lortu eta gasteiztarrekin bizitzea dela dio Salazarrek, baina aukera oso gutxi dute. Hutsik dauden lonjetan sartu ohi dira lo egiteko, ez soilik inongo baliabiderik ez dutenak: “Gure auzoan gazteetako bat, adibidez, lanean ari da baina ez du etxebizitza bat eskuratzerik eta lonjan egiten du lo”. Bizi baldintza horietan, “gazteetako batzuek” drogen kontsumora eta lapurretara jotzen dute, eta gatazkak dituzte tarteka, beren artean zein gainontzeko auzokideekin. Gasteizen egoera horretan 40-50 gazte inguru daude, hiri barruan ere mugikortasun handia dutenak auzotik auzora.
Bizi baldintza horietan, "gazteetako batzuek” drogen kontsumora eta lapurretara jotzen dute, eta gatazkak dituzte tarteka, beren artean zein gainontzeko auzokideekin
Auzokideen jarrerak
Gazteei leporatzen zaie lonjen inguruko komertzio, kale edo ganbaretan lapurretak egin izana, borrokak izan dituzte haien artean, poliziaren esku hartzeak ugariak dira, tartean batzuk bortizkeria handiarekin eta legez kanpo gazteak lonjetatik kanporatuta. Zenbait komunikabideren lanak, gainera, alarma elikatu duela dio Salazarrek. “Kristoren beldurra diegu batzuei”, dio, El Correo nabarmenduz “sentsazionalismoa hutsa” egiteagatik. Hedabide horien jarduteko moduaren adibide bat eman digu: “Tele5 katetik deitu ziguten behin, galdera bakarra egiteko: ea noiz deituko genituen kontzentrazioak lonjen aurrean”.
Horren guztiaren aurrean kezka zabaldu da auzoan, eta auzokideen jarrerak askotarikoak direla dio Salazarrek, “auzokideak askotarikoak baikara”. Horren adibide, auzo elkarteak gaiaz hitz egiteko propio deitu dituen asanblada jendetsuetan entzun ahal izan direnak: “Baziren lonjen aurrean kontzentrazioak egin nahi zituztenak auzotik alde eginarazteko; batzuk haratago zihoazen, zuzenean lonjan sartu eta indarrez kanporatu nahi zituzten; beste batzuek defendatzen zuten saretu eta elkar ezagutza sustatu behar dela elkarbizitza elikatzeko”. Auzokide batzuk beldur direla azaldu du, neurri batean ulergarria dela gatazkak eta lapurretak egon egon direlako, eta horri ere erantzuten jakin behar duela auzoak.
Gatazken foku nagusia mugituz joan da azken hilabeteetan. Alde Zaharra izan zen lehena, Errotan izan zen arazorik ondoren, Judimendin ez da arazorik egon, baina “adi” daude zer gerta ere, Aranak hartu zuen protagonismoa ikasturte hasieran... Hori ikusita erabaki zuten elkarrekin lanean hastea lau auzo horietako auzo elkarteek.
Auzokideen arteko gatazkak auzokideen artean konpondu
Oinarri gutxi batzuk partekatzen dituzte lau elkarteek. Batetik, argi dute irtenbidea ez dela gazteak nork bere auzotik kanporatzea beste toki batean egoera berdinak errepika daitezen, ezta poliziala ere. Kontrara, elkarbizitza eta komunitatea dituzte ardatz: “Lonjetan daudenak auzokideak dira, hortaz, auzokideen artean konpondu behar ditugu arazoak, erakundeen laguntzarekin”.
Hiru hilabete eskas joan dira elkartzen hasi zirenetik, baina eman dituzte jada urrats batzuk. Hasteko, elkarrengandik ikasten ari dira. “Alde Zaharrean lana oso aurreratuta zuten, aspaldi sortu zirelako arazoak eta Goian moduko elkarteen lanari esker”, dio Salazarrek. Errota auzoan, aspaldi sortutako Errota Anitza dinamika biziberritzeko baliatu zuten egoera. “Gu atzeratuago gaude arazoak geroago sortu direlako”. Gazteekin harremana elikatzeko ahalegina ere egin nahi dute. Alde Zaharrean, esaterako, auzoko sare komunitarioaren parte diren pertsonak eta taldeak jarduera zenbait egin dituzte gazteekin batera, edo saiatu dira zenbait egoeraren aurrean laguntza ematen eta auzokideekin bitartekari lanak egiten.
Hiru hilabete eskas joan dira elkartzen hasi zirenetik, baina eman dituzte jada urrats batzuk. Hasteko, elkarrengandik ikasten ari dira
Instituzio eta alderdiekin ere bilerak egin dituzte. Salazarrek dio erakundeen gabezia nagusietako bat eskumen eta baliabideen zatikatzea dela –Gasteizko Udalari, Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari erreferentzia eginez– eta horrek eraginkortasuna mugatzen duela. “Koordinatu daitezela eskatu diegu”. Udalean egin dute ahalegin handiena, gobernuarekin zein ordezkaritza duten talde politiko guztiekin dute harremana. “Normalean hitzak onak dira”, dio auzo elkarteko kideak, “baina ea aurrekontuetan isla duten hitz horiek”. Eskaera zehatza egin diote udal gobernuari: gizarte etxe bakoitzean integratzaile sozial bat jartzea.
Elkartze hutsa aurrerapauso
Erakundeek egin beharrekoetatik harago eta “auzokideen arteko arazoak auzokideen artean” konpondu nahi horretan, esan bezala, eman dute urratsik aurreko hilabeteetan Errotan eta Alde Zaharrean. Eta bide hori elikatzen ari dira Aranan ere, Salazarrek azaldu digunez. Batetik, zenbait asanblada ireki deitu dituzte auzokideen iritziak jasotzeko, eta oso jendetsuak izan dira (auzo elkarteko areto nagusiak 125 pertsonentzako tokia du, eta handiagoa behar zenez elizan egin dituzte asanbladak, ez dagoelako auzoan edukiera nahikoa duen bestelako espaziorik). Bestetik, “auzo elkartean lan-talde berri bat eratu dugu, elkarbizitza bultzatzea helburu duena, hastapenetan gaude, baina talde sendoa eta polita osatu dugu”.
Denborak esango du zer ematen duen auzo elkarteen lan bateratuak, baina Salazarrek orain arte egindakoaren balorazio baikorra egin du: “Elkartze hutsa aurrerapausoa da, oso polita eta aberasgarria izaten ari da”.