argia.eus
INPRIMATU
Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdiak hobekuntza pedagogikoan jarriko du arreta
  • Asteazkenean aurkeztu dute hezkuntza beka berria, eta proposamenak 2023ko abenduaren 1a bitartean igorri ahalko dira. Irabazleak 12.000 euro jasoko ditu.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 05
Auzmendi bekaren bigarren deialdiaren aurkezpena, Hernanin (Argazkia: Hik Hasi)

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak eta Hernaniko Udalak (Gipuzkoa) Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdia aurkeztu dute asteazkenean. Lehendabiziko deialdiak ez bezala, bigarren honek hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta. Hik Hasiko eragiletza arduradun den Aihoa Azpirotzek adierazi duenez, “eraldaketa prozesuan” dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei “helduleku bat ematea eta marko bat eskaintzea” dira helburu nagusienak.

Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak ere eman ditu bigarren deialdiaren xehetasunak: “Ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa eta azterketa egin ostean, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatu nahi ditugu”. Hala, ikastetxeentzat “lagungarria” izan daitekeen bide-orri bat proposatuko da, “orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa” izango dena.

Proiektua, finean, Euskal Herrian “hezkuntza-hobekuntzan” dabiltzan ikerlariei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzentzen zaie. Proposamen oro 2023ko abenduaren 1a baino lehenago egin beharko da, eta epaimahaiak, lanen azterketa zehatza egin ostean, urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Irabazleak 12.000 euro eskuratuko ditu.

Lehendabizikoaren arrakasta

Lehendabiziko deialdiak bestelako baloreak barnebiltzen zituen. Funtsean, Joxe Mari Auzmendik bizitzan zehar landutako lau balio zehatzetan zentratzen zen: hobekuntza pedagogikoan, euskara eta euskal kulturan, herri hezitzailean eta inklusioan. Agirrezabalak jakinarazi duenez, “emaitza emankorrak” eman ditu eta herri ezberdinetako eskoletan “buru-belarri” jardun dira lanean.