argia.eus
INPRIMATU
Medikuak sinesgarritasuna eman dio Bartzelonan begia galdu zuen emakumearen bertsioari
  • Ester Quintanak begia galdu izana gomazko pilota batek eragin zezakeen. Hori ondorioztatu du Bartzelonako Auzitegiko medikuak. 42 urteko emakumeak dio Mossoek jaurtitako pilota batek begian jo zuela azaroaren 14ko greban Bartzelonan izandako istiluetan. Bestalde, Generalitatek berriz ere azaldu du poliziak ez zuela halako armarik erabili.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko otsailaren 22a
Ester Quintanak begia galdu zuen Azaroaren 14ko grebako istiluetan (Argazkia: directa.cat)

Auzitegiko medikuak ondorioztatu duenez, Quintana “abiadura bizian eta erabat mingarria den objektu batek jo zuen”. Betzulora “erabat” moldatu zen, eta ezaugarri horiek, adituaren ustez, biktimaren bertsioarekin bat datoz.

Generalitateko poliziak bere bertsioari eusten dio. Izan ere, Mossoen arabera, jaurtigai biskoelastikoak, eta ez gomazko pilotak, dira egun horretan erabili zuten arma bakarra. Beraz, haien ustez egiaztatuta geratzen da istiluen kontrako poliziak ez zuela zerikusirik izan Quintanaren lesioarekin. Gobernuaren arabera, zauria beste manifestatzaileek jaurtitako objekturen batek eragin zuen.

Manuel Prat polizia zuzendariak bere garaian esan zuen dimititu egingo zuela egun hartan gomazko piloten erabilera baieztatzen bazen. Auzitegiko medikuak aurkeztutakoa, ordea, ez da nahikoa harentzat. Agindurik eman ez zuela eta, beraz, zerikusirik izan ez zuela azpimarratu du bozeramaileak.

Hurrengo astelehenean bertan izan ziren lau Mossok deklaratuko dute epailearen aurrean.