Islandiako Icesave bankuak porrot egin zuenean, Gobernuak erabaki zuen lehenengo islandiarrak eurak indemnizatzea eta uko egin zion bankuan dirua jarri zuten Britainia Handia eta Herbehereak indemnizatzeari. Salaketa jarri zuten bi herrialde horiek eta orain Merkataritza Askearen Europako Elkarteko Auzitegiak ebatzi du Islandiako Gobernuak ez zuela legea urratu.
Auzitegiak adierazi duenez, ez dagokie Estatuei eta agintariei krisi sistemiko batek eraginda aurrezkiak bermatzeko gai ez diren bankuen erantzukizuna beren gain hartzea. Hala ere, bankuen porrotek eragindako zorrak pixkanaka kitatzen jarraitzen du Gobernuak eta dagoeneko 660.000 milioi koro itzuli ditu (3.817 milioi euro).
Islandiako Gobernuak hartzekodunekin (Britainia Handia eta Herbeherekin) zuen akordioari ezetz esan zioten islandiarrek bitan, erreferendumean. Ondorioz, akordioa bertan behera geratu zen eta Gobernuak ez zien beste bi herrialdeei ordaindu.