argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Nazionalera joateari uko egin dio La Haine eta Ahotsako kolaboratzaile batek
  • Terrorismoa goratzea egotzi diote Ahotsa.info-ko eta LaHaine-ko kolaboratzaile Ruben Ollo Olazti-ri eta prentsa ohar baten bidez ohartarazi du "desobedientzia" ariketa egin, eta ez dela epaitegira azalduko.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2018ko urtarrilaren 19a
Argazkia: Ruben Ollo \'Olazti\', Ahotsa.info-k egindako bideo batean.

Guardia Zibilak atxilotu zuen, 2017k oirailaren 7an, "terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea" leporatuta, dena sare sozialetan egindako iruzkinen ondorioz; orduan, ez deklaratzea erabaki zuen. Ollok berak Ahotsa.info-ri bidalitako ohar batean adierazi duenez, "preso politikoei egindako harrerak publikatzea, errepresio kasuak salatzea eta navarra.com-en gisako hedabide faxistei argitaratzen dituzten falaziak justifikatzeko probak eman ditzaten eskatzea" leporatzen diote.

Ondorioen jakitun

Gaur deklaratu behar zuen Auzitegi Nazionalean, baina joateari uko egin dio, "izan ditzakeen ondorioen jakitun", izan ere, haren kontrako atxilotze-agindua eman dezake auzitegiak.

"Audientzia nazi-onala epaitegi frankista eta salbuespenezkoa da, gure herria epaitzeko, eta ez dauka inongo zilegitasunik organo juridiko gisa jarduteko, ez nire kontra, ezta Euskal Herriko inongo herritarren aurka ere, ez eta Espainiako erresumak zapaltzen dituen gainontzeko herrietako pertsonekin", ziurtatu du Ollok, Auzitegi Nazionala aintzat hartzen ez duela nabarmenduz.

Artikulu hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.