Aste Santuaren amaieran etxerako itzultzen ari ziren autoei “Errepublikara ongi-etorria” eman diete Kataluniako Errepublikaren Babeserako Batzordeek (CDR) igandean eta AP-7 autobideko bidesarietako langak desmuntatu dituzte.
Kataluniara itzuli diren autoek peajeak ordaindu gabe igaro ahal izan dituzte, CDRak barrerak altxa eta isunak ekiditeko kamerak estali baitituzte, 2012ko “No vull pagar” ("Ez dut ordaindu nahi) kanpaina berreskuratuz.
Ekimen honengatik, Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak matxinada delitua egotzi nahi die CDRei, azken asteetan egiten ari diren protestak “onartezinak” direla argudiatuta.
Matxinada delitua egozteko beharrezkoa da indarkeriaren erabilera, eta fiskalak “ekintza bandalikotzat” hartu ditu CDRen ekimenak. “Sistema demokratikoa arriskuan” jarri dutela esan du prentsa ohar batean.
Aurretik ere ekintza zuzena eta desobedientzia zibila praktikan jarri izan badituzte ere, errepideak eta trenbideak moztuz, asteburuko ekimen honen testuinguruan CDRen aurkako adierazpenak biderkatu egin dira.
PPko Javier Maronok RNEn “kale borrokarekin” alderatu ditu CDRen ekintzak, eta PSOEko Pedro Sánchezek eta Ciudadanoseko Albert Riverak PPri egotzi diote “komando bortitzen” aurka behar beste ez egitea.
Els CDR del Camp de Tarragona obren les barreres del peatge de Montblanc. "Benvinguts a Catalunya criden" #primaveracatalana pic.twitter.com/DzEzSbqQzi
— Arnau Martínez (@arnau_martinez) 2018(e)ko martxoak 29