argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Nazionalak inabilitazioa berretsita, Gorenaren esku Otegi hauteskundeetara aurkeztea
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du Arnaldo Otegiren defentsak aurkeztutako babes helegitea eta ezingo du kargu publikorik izan 2021eko otsailaren 28 arte, hauteskundeetan aurkezteko aukera zailduz. Auzitegi Gorenera joko du defentsak.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 19a
Angela Murillo buru duen epaimahaiak bota du atzera helegitea. Estrasburgoko Auzitegia Bateragune Auziko epaiaren legezkotasuna aztertzen ari da. Murilloren partzialtasuna da arrazoietako bat.

Otegiren defentsak babes helegitea jarri zuen Bateragune Auziko epaiak ez zuelako zehazten inhabilitazioak zein karguri eragiten zion, baina, Angela Murillo buru duen Auzitegi Nazionaleko Zigor aretoko 4. sekzioak –Bateragune Auziko berbera– atzera bota du. Defentsak helegitean argudiatu du, ezin dela inhabilitaziorik ezarri 2011ko iraileko zigor epaian ez zutelako zehaztu zein karguri eragiten dion neurriak. Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren arabera 2013ko urtarrilaren 24an, Bateragune Auziko epaia ematerakoan, zehaztu zuten hori, eta defentsak ez zuen kontrakotasunik adierazi. Ondorioz, sententzia irmo bilakatu zela azaldu dute.

Otegiren abokatuek forma akatsak salatu zituzten babes helegitean. Inhabilitazioaren erabakia ez zutela auto bidez eman, probidentzia batekin baizik eta, ez zietela fiskaltzaren txostenaren berri eman erabakia hartu aurretik. Epaimahaiak bi arrazoiak atzera bota ditu, eta adierazi du ez dutela zigortuaren eskubiderik urratu.

Defentsaren babes helegitea Konstituzioa Auzitegiaren ebazpen batean oinarritzen da. Horren arabera, ezin da inhabilitaziorik ezarri zein karguri eragiten dion zehaztu gabe. Bada aurrekaririk: Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea 2011n geratu zen aske, eta 2014ean sartu zen Gasteizko legebiltzarrean Laura Mintegiren ordez.