argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Nazionalak 39 urteko zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak 39 urteko zigorra ezarri dio Marixol Iparragirreri, 1985eko hilketa bat egotzi baitiote. Urtea hasi denetik, ezarri dioten hirugarren zigorra da; beste biak 122 eta 61 urteko zigorrak dira. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 28a

Marixol Iparragirre euskal presoari 39 urteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salak. 1985ean Estanislao Galindez Amurrioko (Araba) postariaren hilketan parte hartu izana leporatu diote, garai horretan ETAko Araba komandoko kide zela ebatzi eta hilketa egotzi baitiote. Kasu beragatik, beste bi pertsona daude zigortuak: Juan Carlos Arruti eta Josetxo Arizkuren.

Auzitegiak Iparragirre zigortzeko froga nahikoa dituela ebatzi du, besteak beste ETAko kide baten testigantza, zeinak aitortu duen, epaiaren arabera, ETAko hiru kideak etxean hartu zituela. Atentatua egiteko erabilitako autoan aurkitutako hatz markak, balistika frogak eta Espainiako inteligentzia zerbitzuen txostena ere ontzat eman ditu tribunalak Iparragirre zigortzeko.

Iparragirreri beste bi zigor ezarri dizkiote aurten. Auzitegi Nazionalak uztailean ezarritako 122 urteko espetxe zigorra otsailean berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 1995ean Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzea leporatuta. Martxoan 61 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, 1994an eta 1995ean bi atentatu agindu izana leporatuta.