argia.eus
INPRIMATU
Kontseiluak batasuna eskatu du Auzitegi Nagusiaren azken epaiaren aurrean
  • Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo udaltzaingo postuaz emandako epaiari buruz irakurketa egiteko. Erabaki politikoa izan dela eta ez dela epai isolatua azpimarratu du Kontseiluak. Halako epaiei aurre egiteko batasuna eskatu du eta elkarretaratzea deitu du larunbaterako.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 17a
Paul Bilbao epaiaren irakurketa egiten, atzean Kontseiluko hainbat bazkide dituela. Argazkia: Kontseilua.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok berretsi du erabaki politikoa izan dela Irungo epaia eta legea bera urratzen ari dela: “Ongi legoke udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu gabe nola aplikatu behar duen jakiteko”. Irungoa ez dela gertaera isolatua azpimarratu du Bilbaok, azken urtetan epaitegietatik datorren joera baten beste adibide bat baino ez dela. Hari horri tiraka, legearen hutsuneak bistaratu ditu Bilbaok: “Egun indarrean dagoen legeriak uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegietatik. Hau da, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez duena jurisprudentziaren bidez eraikitzen ari dira”.  

Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean batzeko deia egin du Kontseiluak: “Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko komunitatea egin duen eta egiten ari den ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegia ere. Unea iritsi da guztiok batera erantzuteko”.

Hurrengo pausoak

Irungo Udalak helegitea jarriko du eta Kontseiluak erabakia babesteaz gain prozesuan laguntzaile izateko prestutasuna agertu du. Bestalde, ostegunean eragile sindikal eta politikoekin bilera egingo du elkarren iritziak trukatzeko.

Maiatzak 22, larunbata, Kontseilua eta beste hainbat eragile, tartean sindikalak eta politikoak, Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean jarriko dira halako esku-hartzeekiko duten desadostasuna agertzeko.