argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Konstituzionalak Mozal Legea ontzat eman du, polizien grabaketak zigortzea izan ezik
  • Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Mozal Lege ia osoa babestu du ostiral honetan emandako ebazpenean. Konstituzioaren kontrakotzat jo duen bakarra izan da polizia indarren irudiak zabaltzea zigortzen duen artikulua.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 20a

Duela bost urte aurkeztu zuten helegitea PSOE, Ezker Batua, Chunta Aragonesista, UPyD eta Espainiako Kongresuko Talde Mixtoko diputatu talde handi batek, eta orain etorri da Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen –kaleko hizkeran Mozal Legea– helegiteari emandako erantzuna.

Segurtasun indarren irudiak hartu eta zabaltzeak ika-mika eta zigor ugari ekarri ditu urte hauetan, orain indargabetu den 36.23 artikuluaren arabera, herritarrek –kazetariak barne– ezin zituztelako zabaldu kalean lanean ari ziren polizien irudirik.

Baina ebazpen honek baiezkoa eman dio, esate baterako, Ceuta eta Melillatik sartzen diren migratzaileak beroan itzultzeari, auzitegiaren ustez hori bat datorrelako Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinarekin. Onespena eman die halaber, estatuko legegintza-ganberen aurkako protesta-istiluetan izandako arau-hauste astunengatik ezarritako zigorrei; eta baita ere gorputzeko erregistroei, izan hauek arropen gainetik egindakoak edo biluzik egindako miaketak.