argia.eus
INPRIMATU
Zentsuratu ezin izan duten “Fariña” liburuaren egileari arrazoia eman dio Auzitegi Gorenak
  • Madrilgo Probintzia Auzitegiak, PPko alkate ohi batek narkotrafikoarekin izandako harremanaren berri emateagatik Nacho Carretero galiziarraren "Fariña" liburua bahitzeko agindua eman zuen 2018an. Hiru urte geroago, Auzitegi Gorenak liburuaren egilearen eta Libros del KO argitaletxearen aurkako salaketa atzera bota du, prozesu judiziala amaitutzat joz.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 05a

O Groveko (Galizia) alkate ohi José Alfredo Bea Gondarrek eraman zuen liburua tribunaletara, Galiziako narkotrafikoari buruzko liburu honetako lerro gutxi batzuetan berari egiten zaizkion aipamenengatik. Alkate ohiak salatu zuen Libros del KO argitaletxeak eta liburuaren autoreak bere ohorearen aurkako delitua egin zutela, eta liburuaren aurkako neurri kautelar moduan hiru hilabetez dendetatik kanpo utzi zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak 2018ko otsailean. Gainera, milioi erdi euroko kalte-oraina eskatu zion Bea Gondarrek Libros del KO argitaletxeari bere izena droga-trafikoarekin lotzeagatik.

Lau hilabete geroago, auzitegi berak Fariñaren aurkako neurria kendu eta liburu-dendetara itzuli zen. Alkate ohiak ordea, helegitea aurkeztu zuen erabakiaren aurka. Hiru urte behar izan dituzte prozesua amaitutzat jotzeko, Auzitegi Gorenak kasazio-errekurtsoa atzera bota baitu orain. Hala, demandatuak absolbituak izan dira eta kostuak ordaintzera zigortu du Bea Gondar.

Nacho Carreteroren ustez, liburuaren bahitzea akats judizial bat izan da eta “informazio-askatasuna” gailendu dela eta liburuan kontatzen duena “egiazkoa” dela azpimarratu du. Liburuaren debekuak interesa areagotu eta salmentak handitu ditu eta positibotzat ikusten dute hori, baina prozesu ezatsegina izan dela adierazi dute.

Libros de KO argitaletxeak garaipena adierazi du bere twitter kontuan: