argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Gorenak ikertuko du Juan Carlos Borboikoak komisiorik kobratu zuen Mekako AHTko obrengatik
  • Auzitegi Gorenak hartu du Juan Carlos Borboikoa ikertzeko ardura, Mekara (Saudi Arabia) doan Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan Espainiako estatuko enpresa multzo baten aldeko bitartekari egiteagatik 2011n komisioak kobratu zituen argitzeko. Juan Ignacio Campos Campos Goreneko fiskala da ikerketa zuzenduko duena, delitu ekonomikoetan aditua.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 09a

Eldiario.es hedabideak jaso duenez, Fiskaltzak bidali dien komunikatuan dio ikerketa honek deskartatu nahi duela errege ohiak 2014an abdikatu ostean penalki salagarria den ekintzarik egin ote zuen, orduan geratu baitzen erregeak legearen aurrean dituen babes pribilegiorik gabe. Ikerketa zentratuko da "basamortuko AHT" deitu zaion eraikuntzaren bigarren fasean, Medina eta Meka hiriak batzen dituena.

Auzitegi Nazionaletik Gorenera pasatu da ikerketa

Orain arte Ustelkeriaren Aurkako Fiskala aritu da ikertzen ea Borboikoak kapital zuriketak eta delitu fiskalak egin zituen. Baina Dolores Delgado Estatuaren fiskal nagusiak erabaki du ikerketa Auzitegi Gorenera pasatzea. Espainiako errege ohia Gorenean foruduna da.

Berria egunkariak ederki jaso du auzi honen orain arteko ibilbidea: "Ikerketa Auzitegi Nazionalean hasi zuten, 2018 amaieran, Jose Manuel Villarejo poliziaburu ohiak —espetxean dago egun— Borboikoaren lagun Corinna Larsenekin izandako eta grabatutako elkarrizketa bat oinarri hartuta; horren arabera, Espainiako estatuburu ohiak komisioak jaso zituen Mekarako AHTaren eraikuntza lanak Espainiako hainbat enpresak osatutako partzuergo batentzat lortzearen truke, 2011n. Larsenen esanetan, komisioak 80 milioi eurorenak izan ziren; horiek Saudi Arabiako enpresari baten emazteari ordaindu zizkioten, eta hark Espainiako enpresaburu bati eman zion diruaren erdia. Horrek, berriz, Borboikoari".