argia.eus
INPRIMATU
Auzitegi Gorenak ez du onartu tramitera Gipuzkoako Aldundiak Uliazpiko hizkuntz eskakizunen harira jarritako helegitea
  • 2023ko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi zuen Uliazpi Fundazioko 34 zaintzaileren lan deialdirako hizkuntz eskakizuna. Fundazioko langile batzordeak eta Foru Aldundiak sententzia salatu zuten. Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du oldarraldi judizialak aurrera jarraitzen duela: “Esku artean ditugun tresnak aldatu gabe zaila izango da auzitegien erasoei aurre egitea”.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 17a
Uliazpi Fundazioko langileek 2023ko martxoan egindako elkarretaratzea. Argazkia: LAB

Kontseiluak adierazpenak egin ditu Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena jakin eta gero. Oldarraldi judizialaren markoan kokatu du azken ebazpena, eta esan du, “aurrera egiteko, beste eszenatoki batera joateko, tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea” dela bidea. Iñigo Urrutia legelariak, Galiziako eta Kataluniako araudiak kontuan hartuta, egin berri duen proposamena aipatu du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Langileek epaiaren aurkako adierazpena egin zuten

2023ko otsailean Uliazpiko langile batzordearen gehiengoa epai euskarafoboaren aurka agertu zen. Langileen, erabiltzaileen eta senideen aurkako "eraso larritzat" hartu zuten eta adierazpena sinatu zuten. LABek eta ELAk sinatu zuten adierazpena. CCOOk uko egin zion sinatzeari.

Bi sindikatuek azaldu zutenez, langileek plaza bat lortzeko ahalegin handia egin zuten, eta Lan Eskaintza Publikoa egiteko hamabost urte baino gehiago egon ziren zain. Ziotenez, lanpostu publikoko deialdiko oinarriak aho batez onartu zituzten Batzordeko ordezkaritza sindikala duten guztiek, Euskara Plana onartu zenean. "Epaiak urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duen betebeharra".

Erabiltzaile eta familiekin komunikatzeko, "beharrezkoa"

Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren fundazioa da, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonekin egiten du lan. Horregatik, adierazpena sinatu zuten langileek esan zuten bertan hezkuntza-lanak egiteko "funtsezkoa" dela hizkuntzaren ezagutza, erabiltzaile eta familiekin komunikatzeko. Adierazi zuten epaiak "akats larria" egiten zuela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen eskubidea eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahastean.

2022an, Donostiako Epaitegiak Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi zela ebatzi zuen. 2023ko otsailean EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen epaia.