argia.eus
INPRIMATU
Auziperatua izanik ere, Frantziako Justizia ministro karguan segitzen du Dupond-Morettik
  • “Interes aurkakotasuna” leporatua zaiola astelehenean ireki da Frantziako Justizia ministroaren aurkako auzia Parisen. Bi astez iraun beharko luke epaiketak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko azaroaren 09a
Frantziako Justizia ministroa, auzitegian. Argazkia: AFP

Ez da inoiz horrelakorik gertatu Frantziako Gobernuan: kargua betetzen dagoela epaitzea ministro bat. Zein eta Justizia ministroa. "Interes aurkakotasuna" leporaturik, Eric Dupond-Moretti Justizia ministroaren aurkako epaiketa hasi dute astelehenean Errepublikaren Justizia Auzitegian.

Ustelkeria kasuen aurka dabiltzan hainbat magistraturekin izandako desadostasunei dagokionez, Justizia ministro kargua beren aurka erabili izana leporatzen zaio. Zehazkiago, 2020ko irailean, ministro zela, diziplina-espedientea hiru fiskalen aurka hasi izana –"espioi tzar" edo "erotzat" zeuzkana aste batzuk lehenago–. Magistratu horiek Bismuth afera ezizenez ezaguna den Nicolas Sarkozy presidente ohiaren aurkako epaiketan ariturikoak dira.

Horrez gain, bigarren afera bat ere ikertzen dabiltza, instrukzio epaile Edouard Levrault-i loturikoa. 2019an ez zitzaion bere ardura berritu eta erabaki hori dute epaigai. Instrukzio-epaile honek hainbat kasu politiko ikertu zituen eta ustelkeria kasu baten harira, eragin handiko pertsonaiak inputatu zituen: Dmitri Rybolovlev milioidun errusiarra, "AS Monaco" futbol klubeko presidentea, Christophe Haget Monakoko Printzerrian polizia judizialeko burua, eta Monakon Justizia ministroaren baliokidea den Philippe Narmino.

Hemezortzi hilabetez bideraturiko inkesta bururaturik, bi astez iraun beharko luke azaroaren 6an abiaturiko epaiketak.

2020ko uztailaren 6az geroztik Frantziako Justizia ministroa da Dupond-Moretti, ordura arte auzitegi penalean abokatu ezaguna izandakoa.