Otsailaren 6an hasi eta 27ra bitarte, lau ekitaldi antolatu dituzte Donapaleun. Lehena herriko etxean iraganen da, eta ondokoak Bideak gunean.
Zabalik elkartearen eskutik 1997an abiatu zen ekimenak, bere moldeari atxikita eta euskara hutsean, edizio berria izango du 2025eko otsailean. "Euskara hegemonikoa den toki eta une bat sortzea da motibatzen gaituena", adierazi du Zabalik elkarteko kide Mattin Irigoienek Kazeta-n. Mintzagaiak, dena dela, ez dira hizkuntzari soilik loturik egongo, baizik eta "herritar gisara hunkitzen gaituzten auziak" izanen dira.
Programazioari hastapena emango dion hitzaldia izan da aurtengo Otsail Ostegunei izenburua eman diena: Palestinako egunerokotasun odoltsua. Hitzaldi formatuan, begirada historikoa eta geopolitikoan sakontzeko asmoz, bi zatitan planteatuko dute saioa: lehenik, 1917tik hona lurralde palestinarrek jasandako kolonizazio eta erasoaldiez mintzatuko dira, eta tartean lekukotasunak jasotzeko parada ukanen dute bertaratzen direnek; eta bigarrenik, 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek abiaturiko ofentsiba hartuko dute ardatz, herri palestinarrari sostengua emateko lanean ari diren taldeetako kideen testigantzak jasota.
Otsailaren 13an, bestalde, agroekologiari eta lurraren defentsari loturiko gai bat hartuko dute mintzagai. Tokiko hazien berreskuratzearen erronka goiburua du hizketaldiak. Bi hizlari gonbidatuko dituzte: Niko Mendiboure, Hazia sareko kidea, eta ARGIArekin eta Bizi Baratzearekin Haziak liburua argitaratu duen Marc Badal. Bost bat multinazionalek munduko hazien gehiengo zabalaren jabetza haienganatu dute, ARGIAko erreportaje honetan kontatzen zen gisara, eta horrek duen eraginaz hausnartuko dute, baita Hazia sarearen helburu eta bilakaerari buruz ere.
Otsailaren 20an, berriz, Peio Berterretxe izanen da gonbidatua: Kabalkaden egiteko motibazioak hartuko dituzte aipagai, eta Berterretxek berriki argitaratutako master amaierako lana aurkeztuko du jendartean. ARGIAn eman genuen horren berri iazko urte amaieran. Berterretxek hainbat kabalkada, libertimendu edota gela-antzerki gidatu eta aztertu ditu azken urteotan.
Otsailaren 27an, azkenik, kezka iturri den beste gai bati helduko diote: Itsas korronteak eta klima aldaketa. Ozeanografian tesia egin berri duen Paul Moal Darrigadek emango ditu azalpenak. Donapaleuko ikerlari gazte horrek Mediterraneo itsasoko korronteen bilakaera eta horiek beste itsaso edo ozeanoetan dituzten eraginak aztertu ditu.