Astelehen honetan egindako agerraldian jakinarazi du Aritz Romeok Fermin Otamendi epaileak eman ziela parte hartzeko agindua, etxeko jabeek salaketa aurkeztu ondoren.
Udaltzaingoaren jarduna “neurrigabea” izan zela adierazi du EH Bilduk asteburuan zabaldutako ohar batean. Horrekin batera, “ikerketa bat abiaraztea eta Udaltzaingo barruan erantzukizunak hartzea” eskatu du. PSNk eta UPNk gogor kritikatu dute Aritz Romeo EH Bilduko Hiri Segurtasunerako zinegotzia; Geroa Baik Romeok iragarritako ikerketa sostengatu du; eta Aranzadik eta Ezkerrak Romeo sostengatu dute. Alderdi guztiek adierazi diete sostengua zauritutako udaltzainei, eta Udal Gobernuko alderdiek zauritutako gazteei ere bai.
Kalean dira dagoeneko urriaren 8an atxilotutako hiru gazteak. Iruñeko Sarasate kaleko etxe bat okupatzeagatik atzeman zituzten. Bertara sartu eta barruan zeudenak atera zituen poliziak, hiru pertsona atxilotuz eta hainbat zauritu eraginez. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, bestalde, adierazi du epaileak ez zuela etxe hori hutsarazteko agindurik eman.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, karguekin utzi dituzte aske. Izan ere, autoritatearen aurka eraso egitea egotzi diete hirurei. Hori dela eta, hamabost hilabeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak hiru atxilotuentzat, eta 2.250, 900 eta 1.350 euroko isunak. Horrez gain, bertan zeuden gainerako pertsonak identifikatzea ere agindu dio poliziari.
Udaltzaingoaren jardunari dagokionez, ohar bat plazaratu du EH Bilduk. Bertan, poliziaren jokabidea “neurrigabea” izan zela adierazi du, eta “iraganeko irudiak” gogora ekarri zituela. Koaliziotik “bultzatzen” ari diren “hiri eta polizia-ereduaren aurkako portaera” dela ere gaineratu du EH Bilduk. Beraz, “jarduna ikertzea eta Udaltzaingo barruan erantzukizunak hartzea” eskatu du. Horretaz gain, gogoratu du etxea husteko agindua Fermin Otamendi guardia epailearena izan zela, eta ez Udal Gobernuaren edo Udaltzaingoarena.