argia.eus
INPRIMATU
Autorik gabeko mundua
  • Jar gaitezen bide bazter batetik errepidera begira. Bost minutuz. Eguneko edozein tenoretan eta edozein bidetan. Eta zenba dezagun bost minutu horietan zenbat pertsona pasatu diren ibilgailu batetik. Goizeko sei eta erditan, bigarren mailako ardatz batean, 25 pertsona pasa litezke. Egin kontu beste tenore batez eta ardatz garrantzitsuago batean zenbat pertsona pasatzen diren minutuko. Kolorezta dezagun gure errepide mapa trafiko dentsitatearen arabera. Has gaitezen kalkulatzen. Zenbat tren bagoi bete litezke minutuko, bide horietan dabilen jende guztia trenez joan baledi?

Eneko Bidegain 2019ko apirilaren 16a

Amets egitea doan eta libre baita, irudika dezagun garraio pribatu eta indibidualik gabeko mundu bat. Mundu horretan izanen lirateke garraio publiko eta kolektiboak (trenak, autobusak, tranbiak, hibridoak…) behar adina maiztasunekin, denek jarririk bidaiatu ahal izateko eta lineen arteko konexio onak segurtatzeko.

Irudika dezagun Euskal Herriko mapa (eta Europakoa, mundukoa…) hiri handietako metro edo autobus mapa bezala. Adibidez, linea nagusi batek lotuko lituzke Baiona eta Bilbo, tartean hainbat geltokirekin. Geltoki batzuk izanen lirateke hainbat linearen gurutza-leku, metro sistema batean bezala, nahiz eta, bistan denez, metro sistema bat baino konplexuagoa litzatekeen.

Jadanik suma daiteke norbait eskua altxatzen, erranez, hori ez litzatekeela hain sinple herri ttipietan edo herritik aparte bizi direnentzat. Bego ohar hori geroko.

Lehenik, ohar gaitezen bideko trafiko gehien-gehiena ardatz beretatik pasatzen dela, bide nagusiak autoz emokatuak direla. Teorian ez da zentzugabea ardatz nagusietatik autoak kentzearen ideia. Zentzugabea dena da hainbeste mila pertsonak bide bera egitea beti, eta bakoitza bere autoan ibiltzea. Bigarren mailako errepideetan (herri ttipietara doazen bideetan) ez ote litzateke posible horrelako sistema bat? Herri ttipietara zein maiztasunekin joan litezke lineak? Edo zein malgutasunekin antola liteke garraio publikoa? Nahi izanez gero, aterabideak aurki litezke. Galdera berak egin litezke gauazko zerbitzuaz. Eta azkenik, nola joan bazter batean edo gain batean dagoen etxe isolatura? Horrek ere aterabidea izan lezake. Hasteko, zenbat etxe dira, zinez isolatuak? Eta bestetik, orain ari gara ikusten lurralde antolaketa eredu horren kalteak.

Teknologian aldaketa handiak egiten ari dira urtetik urtera, eta jadanik iragarriak dituzte gidaririk gabeko autoak, epe aski laburrean. Alokatzen diren bizikleten edo Uber sistemaren bidetik, zenbait urteren buruan ez ote litzateke posible izanen gidaririk gabeko autoak erabiltzea herriko plazatik etxeraino joan ahal izateko? Eskaintza hori ere garraio sistema publiko horren parte litzateke. Segi dezagun ametsetan. Autoaren esklabutzatik libratuko garenean, urte batean trantsituan metatzen ditugun oren horiei probetxu handia aterako genieke. Autotik libratzeak, nahi ala ez, bizimodua bera irauliko luke, produkzio eta kontsumo ohituretatik hasita. Halaber, garraio publiko sarearen eta argitaletxeen edota prentsaren arteko hitzarmen komertzialak sustatuz, jendeak anitzez gehiago irakurtzeko astia izanen luke, literaturarentzako eta prentsarentzako hats berri bat litzateke.

Iratzargailuak jo du. Zorigaitzez, garraio publikoa sustatzeko zenbait neurri mugatuz aparte, ez dirudi mundua horretara begira dagoenik. Ez enpresa handiak, ez herritar xeheak. Biribilguneak, ordainlekuak eta jaka horiak ere autoaren sinboloak dira. Bizkitartean, garraio indibiduala, petrolioarekin edo argindarrarekin, ez da bideragarria. Segi dezagun amesten eta ametsa sozializatzen.

Albiste hau Enbata-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.