argia.eus
INPRIMATU
Autonomoentzako diru-laguntza aurrekontua motz geratu da
  • Gauerditik aurrera egin zitekeen diru-laguntzen eskakizuna, Lanbideren webgunean. Laguntza eskakizuna egin asmoz web-orrian sartutako jendea hainbeste izan da, zerbitzariak gainezka egin duela, ordu batzuez Lanbideren webgunea kolapsatuz.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 16a

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz jarduna eten duten langile autonomoentzako diru-laguntzak eskatzeko epea gauerdian ireki da. Ordu horretarako hainbat erabiltzaile sartu dira Lanbideko webgunean, eta bisita kopuruak web-orria zerbitzuz kanpo utzi du zenbait orduz.

Bi aukera zeuden diru-laguntza eskakizunak egiteko: tramitazio elektroniko bidez edo Lanbideko webgunean aurki daitekeen eskabide orria beteta. Tramitazio elektronikoaren aukera ez da martxan jarri goizaldeko 04:00ak arte, eta zergatia ikertzen ari dira; behin martxa hartuta, 1.836 eskaera jaso dituzte goizeko 08:00ak orduko. Orotara, 10.000 eskabidetik gora jaso ditu Jaurlaritzak. Eskaerak iritsi diren dituzten ordenaren arabera banatuko dituzte diru-laguntzak.

Eskakizun kopuruaren munta ikusirik, diru-laguntza hauetara bideratutako 3 milioi euroko aurrekontua motz geratu da. Norbanako bakoitzak gehienez ere 3.000€ jaso dezakeela kontuan hartuta, laguntzak 1.000 eta 2.000 autonomo ingururen beharrizanak asetu ahalko lituzke. Eskakizunak, aldiz, 10.000tik gora dira.

Gauzak horrela, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak adierazi du aurrekontua handitu daitekeen aztertuko dutela: "Orain, beste sail batzuekin batera aztertu behar dugu zeintzuk diren gobernuaren lehentasunak, eta posible ote den diru sail hori handitzea eta pertsona gehiagorengana heltzea”.

Nafarroako autonomoentzako diru-laguntzak

Nafarroako autonomoei dagokienez, Nafarroako Gobernuak asteazkenean iragarri zuen autonomoentzako 2.200 eta 700 euroko laguntzak onartu zituela. Laguntza hori esleituko zaie jarduera eten duten eta zenbait baldintza betetzen dituzten langileei. Baldintza horien aretan leudeke, besteak beste, Nafarroan bizitzea, aurten enplegua sustatzeko laguntzarik eskatu ez izana eta Ogasunarekin zorrik ez izatea.