argia.eus
INPRIMATU
Autolesioak ugaritu egin dira nerabeen artean
  • Ez dute asmo suizidarik eta ez dute zertan buruko gaitzen bat izan: autolesionatzea min emozionala gestionatzeko modua da hainbatentzat. Adin txikikoen %20ak bere buruari min fisikoa eragin dio edo eragiten dio, eta nerabeek dituzten bost osasun arazo nagusien artean dago jada, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko otsailaren 14a
Profil zabalduena15-19 urte arteko neskak diren arren, pandemiaz geroztik asko handitu da autolesionatzen diren gazteen kopurua.

Gorputzean ebakiak edo erredurak eginez, zerbaiten aurka kolpeak emanez, norbere buruari hozka edo harramazka eginez... autolesioa praktikatzen duten nerabeen gehiengoak, kurioski, ez dio bere buruari min egin nahi, kontrakoa baizik: min emozionala askatzeko modua da, min fisikoak nolabait balio dio min sakonagoa estali eta sufrimendua erregulatzeko; ihesbide gisa funtzionatzen die, emozionalki gaindituta daudenean. Hala diote adituek. Izan daiteke egoera batek sortutako angustia edo estresari emandako erantzun puntuala (mutil-lagunak edo neska-lagunak utzi duelako, azterketa bat duelako...) edo ohitura hartu eta joera errepikakorra bihurtzea (arriskua areagotuz).

Profil zabalduena 15-19 urte arteko neskak diren arren, pandemiaz geroztik asko handitu da autolesionatzen diren gazteen kopurua, eta berrikuntza da ez direla buruko patologiaren bat duten pazienteak, eta gero eta gazteagoak direla gainera.

“Inori ez zaio gustatzen sufritzea eta emozio negatiboak sentitzea, baina helduarorantz goazen heinean sufrimendua erlatibizatzeko eta asimilatzeko mekanismo kognitiboak garatzen goaz, eta nerabezaroan ez daudenez hain garatuta, sufrimenduaren aurrean bestelako ihesbideak bilatzen dituzte -dio El Salton elkarrizketatu duten psikiatrak-. Gaizki zaudela komunikatzeko modua ere bada batzuetan: sentitzen dutenari hitzak jarri ezin diotenean, gorputzaren bidez adierazten dute”.

Zer egin eta zer ez egin

Etxean edo inguruan halakorik antzemanez gero, zer egin jakiteko profesionalen aholkuak ere bildu dituzte El Salton: ez eman iritzirik autolesioen inguruan, ez adierazi gaitzespenik egiten ari denaren aurrean, ez agindu zauriak eta orbanak erakusteko (oso ohikoa da gurasoen artean, baina batzuentzat oso pribatua da), ez debekatu edo esanarazi ez duela berriz egingo, ez sentitu errudun eta ez sentiarazi errudun, ez esan arreta deitzeko egiten ari denik. Bai galdetu zein kezka dituen eta nola sentitzen den, entzun eta helarazi laguntzeko zaudela, dituen emozioei garrantzia eman, jakinarazi ez dela porrot bat eta egoera konponduko dela transmititu.