Hego Koreako presidente Yoon Suk Yeol-ek abenduaren 3ko arratsean gerra-legea ezarriz sutu zuen krisi politikoa itzaltzetik oso urruti dago oraindik. Nahiko argi badago ere kolpea sustatu zutenak ez direla irabazten ari. Oraingoz.
Berez, gau hartan bertan galdu zuten kolpistek enbido erabakigarri bat, parlamentuak Yoonen aldarrikapena bertan behera uztea eragoztea lortu ez zutenean; Malaparteren klasikoa berrirakurri beharko du baten batek. Pasa den larunbatean, parlamentuan berriro ere, galdu zuen Yoonek funtsezko beste tanto bat, bigarren saialdian bere impeachment-ak aurrera egin zuenean, bi hereneko gehiengoa ondo gaindituta. Baina Yoonek ez du amore eman, ezta krisi politikoa konponbidean jartzeko ezinbestekoa dirudien bere dimisioa eman ere. Itxaropenen bat baduela esan liteke.
Bizkitartean, epaile eta poliziek konplota ikertzen jarraitzen dute. Lehen unean, eta batez ere urrutitik begiratuta, Yoonen burutazio zoroa zirudiena, estatu-kolpe argi eta ohiko samarraren tankera osoa hartzen joan baita abenduaren 3koa, ikerketek aurrera egin ahala: “neutralizatu” beharreko aurkarien zerrendak, okupatu beharreko gune estrategikoak, putcha (estatu kolpea) zuritzeko arrazoibideak, agindu zehatzak jasota zeuden goi-arduradun militarrak... Jakinaren gainean zeudenen eta ezjakintasun deliberatuan egonarazien artean arrakala gotor batekin.
Apenas mozorrotutako erregimen militarra, Yoon eta haren gobernu zibiko-militar bat gorenean zela, ezartzea izan behar zuen helburua, ezinbestez.
Baina, orduan, lehendabiziko itauna litzateke: zertarako halako zerbait? Une honetan Hego Koreak izan ditzakeen buruhausteetako bakarra ere hartara hobeto kudea litekeela pentsatzea ez dirudi batere zentzuzkoa. Antza denez, Finantza eta Ekonomia ministroa izan zen gerra-legea ezarri atarian egindako gobernu-bileran ozenkien aurka agertu zena; eta ez da kasualitatea. Parlamentuan gehiengoa Yoonen oposizioko indarrean eskuetan egoteak hari sortarazten zizkion endredoak, bestalde, ez lukete indar armatuen buruhauste izan behar... Orduan?
Kolpe-saiaketaren prestakuntzan eta egikaritzapenean erabakigarria (hain erabakigarria ezean, atxilotu dutenean bere buruaz beste egiten ahalegindu omen) izan den Kim Yong-hyun, Defentsa ministroaren joan-etorri eta egitasmoek dezente lagun dezakete abenduaren 3koa argitzen. Batez ere, hark eta Estatu Batuen Indo-Pazifikoko Komandoaren burua den Samuel Paparo almiranteak azken hilabete hauetan erakutsi duen erabateko sintonia kontuan hartzen badugu.
Baina horretarako, Yoonen (auto)kolpea, autoktonoa baino gehiago inportatua dela pentsatzen hasi beharko genuke.