argia.eus
INPRIMATU
Autokritika eskatu die berriro Urkulluk presoei
  • Euskal presoen gutunak erantzuten hasi da Iñigo Urkullu lehendakaria, eta hauei, “autokritikarik” egin ezean, ez dezatela ezer exijitu eskatu die.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 15a

EPPK osatzen duten euskal presoak gutunak idazten ari dira Euskal Herriko agintariei. Oraingoz Andoni Ortuzarrek, Iñigo Urkulluk eta Uxue Barkosek baieztatu dute jaso dituztela gutunok.

Maila pertsonalean idatziak diren gutun hauetan, agintariei konpromisoak har ditzaten eskatzen ari dira presoak: “Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez" eskatuz.

Urkulluk, orain arteko jarrera berarekin hartu du azken urrats hau. Banaka zuzentzen ari den erantzunetan, “beti” dispertsioaren kontra azaldu dela esateaz gain, “autokritika” egiteko eskatu die presoei.

Eusko Jaurlaritzak zuzendutako Hitzeman eta Zuzen Bidean proposamenen bidez presoek badutela irtenbidea esan die Urkulluk. EPPK-k, behin eta berriro azpimarratu du presoen “eskubide” zein “duintasunaren” ikuspegitik proposamen horiek ez direla onargarriak.

Sortuk azkar erantzun dio lehendakariari. Ezker Abertzaleak eta EPPK-k minaren aitormena, eta horri dagokion “autokritika” publikoki eginak dituztela esan du, eta gauza bera eskatu dio EAJ-ri. Konponbide Haizea Dabil (2013) dokumentua aipatu dute espreski. Bertan, “Ezker Abertzaleak bere jarrera politikoarekin nahi gabe gehitu duen mina sentitzen” duela esaten zen.