Konfinamendu egun hauetan, zalantza sortu da autokontsumorako baratzeetara lanera joaterik ote dagoen. “Baratzeak aisialdirako eta entretenimendurako leku soiltzat hartuz ari dira arauak interpretatzen, gizartean eta lurraldean duten eragina eta garrantzia kontuan hartu gabe”. Baratzeko lanak baimentzeko sinadura bilketa abiatu dute.
Uliako Lore-Baratzak elkarteak abiatu du kanpaina, administrazioari eskatzeko baimendu dezala baratzeko lanak egin ahal izatea eta landare eta haziak erosi ahal izatea, besteak beste. “Krisialdiak ez ditu naturaren erritmoak geldiarazten eta ondorioz baratze hauetako lanek martxan jarraitu behar dute”, dio aldarrikapenak.
Produktu freskoa lortzeko bide zuzenena izateaz gain, autokontsumorako baratzeak askoren etxeko ekonomiarako funtsezko elementu direla gogoratu dute. “Ziurgabetasun ekonomikoa nagusi den garai hauetan, baratzeak sekula baino beharrezkoagoak izango dira”
Datozen asteetan udako baratzea landu ahal izatea oso garrantzitsua dela eta etorkizuneko uztak ziurtatu ahal izateak herritarren zaurgarritasuna gutxitu egingo duela nabarmendu dute. Gainera, argudiatu dute askoz seguruagoa dela osasun-neurriak betez baratzera joatea, supermerkatuetara baino.
Elikadura burujabetzaren zutabeetako bat dira baratzeak, baita bioaniztasunaren oinarri garrantzitsuak ere, diote.
Lotura honetan egin dezakezu bat aldarrikapenarekin.