argia.eus
INPRIMATU
Autokontsumo energetikoa bultzatzeko legea tramitera onartuko du Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduk proposatuta
  • Autokontsumorako eguzki-plakak eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioak lizentzia eskatu gabe jartzea ahalbidetuko du legeak. EH Bilduren ustez autokontsumoa "tresna garrantzitsua" da trantsizio energetikorako bidean. 

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urriaren 13a

Eusko Legebiltzarrak tramitera onartuko du autokontsumo energetikoa bultzatzen duen lege proposamena ostegun honetan. EH Bilduk proposatu zuen legea ekainean (pdf), eta Eusko Jaurlaritzaren aldeko iritzia ere badu. Hortaz, autokontsumorako eguzki-plakak eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioak lizentzia eskatu gabe jarri ahal izango dira lege horrekin Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Tramitazioa arinduta, energia berriztagarrien autokontsumoa handitzea nahi dute legearen sustatzaileek. Gainera, azaldu dutenez, Europar Batasunak arlo horretan jarritako irizpideekin bat dator ekimena, eta beste hainbat tokitan jadanik legea aldatu dute norabide berean, Nafarroan kasu.

Badira urte batzuk EB autokontsumoa bultzatu beharraz ohartarazten ari dela, Espainiako Gobernuak ere lege-dekretua onartu zuen helburu berarekin, baina EAEn orain arte ez da ezer egin oztopo horiek ezabatzeko.

Eusko Legebiltzarrean tramitera onartuko den legearen bidez, autokontsumorako instalazioak ezarri nahi dituztenek ez dute obra-lizentziarik eskatu beharko

Mikel Otero: "Trantsizio energetikoa azkartu behar da"

EH Bilduko Trantsizio Ekologikorako idazkaria den Mikel Oterok nabarmendu du klima larrialdiak, kanpo energiarekiko menpekotasunak, prezioen igoerek eta hilabeteotako hornidura arazoek agerian uzten dutela "trantsizio energetikoa azkartu beharra, eta testuinguru horretan autokontsumoa tresna garrantzitsua da arazo horiei guztiei aurre egiteko”.

Oteroren aburuz, autokontsumoak energia eskarian eta ingurumenean kalte gutxiago eragiteaz gain, "kontsumitzaileen faktura berehala jaistea ere ahalbidetzen du”.

Tramitera onartuko den legearen bidez, autokontsumorako instalazioak ezarri nahi dituztenek ez dute obra-lizentziarik eskatu beharko, salbu eta kultur-intereseko ondare edo ondare gisa katalogatuta dauden eraikinetan edo obrek egiturari edo ingurumenari eragiten dietenean.