Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara arte, hots, bi egun epaiketa baino lehenago.
"Guk ez dugu epaiketa onartzen. Epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, ezta pertsona guztien eskubideen alde ari direnak ere. Immigrazio politika anker eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabe hauen errudun diren agintariak eta legeak dira zigortu behar direnak", adierazi dute J´accuse kolektibo berrian baturiko herritarrek. Urtarrilaren 28an Baionan epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko eta migrazio politika arrazistak salatzeko "autoinkulpazio kanpainaren" berri eman dute asteazkenean egindako prentsaurrekoan. "Gaur lehen autoinkulpazioak egingo ditugu, eta hurrengo asteetan milaka biltzeko asmoa dugu". Korrikaren kari, Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatzen laguntzeagatik atxilotu zituzten zazpi lagun urriaren 2an. Lotura honetan jarri dute autoinkulpaziorako izenpetu beharreko dokumentua: hemen.
Bide beretik, manifestazioa eginen dute Irungo Ficoba eta Hendaia artean urtarrilaren 26an: "Euskal Herria beti izan da harrera, immigrazio eta emigrazio lurraldea, eta izaten jarraitu nahi du. Migrazio prozesu aske eta seguruak egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu". Hiru aldarrikapen argi entzunaraziko dituzte: Europa Gotorlekuaren immigrazio-politika errepresiboaren bukaera; Frantziako Gobernuaren Immigrazio Legearen deuseztatzea eta mugen behin betirako irekitzea.
Orain duela zortzi hilabete Ficoban bertan azaldu ziren 30 bat eragile, Korrikaren kari buruturiko "desobedientzia ekintza" beren gain hartzeko prest zirela adierazteko.