Aiaraldea berrindustrializatzeko 25 milioi euroko plana osatzea ere proposatu du Elkarrekin Araba batzarkide taldeak.
Mozioa aurkeztu du Elkarrekin Arabak (Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Alianza Verdek osatutako taldeak) Batzar Nagusietan. Testu horren bidez, opozisioko taldeak Autoglas-Glavistako Enplegua Erregulatzeko Espedientea ekiditea eskatu die Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, eta neurri bat jarri du mahai gainean horretarako: fabrikaren lurrak desjabetzea Guardian multinazionalari.
Funtsean, Interbentzio Plan bat eratzea eskatu du Elkarrekin Arabak. Plan horren lehen urratsa bitartekaritza lana egitea izango litzateke. Fase horretan, Javier Garcia Marquez enpresariak aurkeztutako eskaintza aztertuko litzateke, proiektu horren bideragarritasuna aztertzeko.
Baina, "bitartekaritza horrek porrot egingo balu", bigarren fasea jarriko litzateke abian: "Glavistarako Salbamendu Plan Publikoa". Enpresaren funtzionamendurako beharrezkoak diren lursailak desjabetuko lirateke orduan, Elkarrekin Arabak planteatutako proposamenaren arabera. Horrez gain, erakunde publikoak Autoglas-Glavistako akziodun bihurtzea ere aurreikusten du talde politikoak, eta 240 lanpostuak mantentzea.
Horri lotuta, beste proposamen bat ere plazaratu dute mozioan: beste 25 milioi euro bideratzea Aiaraldea berrindustrializatzeko. Diru horren %50a diru-laguntza publikoetan banatuko litzateke, %25a kreditu itzulgarri bezala eta gainerako %25a partaidetza-mailegu moduan. Elkarrekin Arabaren ustez, eskualdeko Udalek ere ekarpena egin beharko lukete plan ekonomiko horretan.
Posiblea da Elkarrekin Podemosek proposatzen duena egitea?
Elkarrekin Podemos ez da lehena izan Guardianen lurren desjabetzea planteatzen. Autoglas-Glavistako langileek jarri zuten aukera hori lehen aldiz mahai gainean, urriaren 6an eginiko mobilizazioan botatako oihuen bidez:
Aiaraldea Komunikabideak bi aholkulari juridikori galdetu zien orduan aukera horren inguruan. Hemen irakurri daiteke gaiari buruz osatutako erreportajea.
Elkarrekin Podemoseko kideek aitortu dute planteatutako neurriak "oso gogorrak diruditela", baina ziurtatu dute Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza gai direla horiek abian jartzeko. "Gainera, uste dugu inbertsio hori eta ahalegin horiek administrazioari itzuliko zaizkiola, eskualdeko enplegu, gizarte-ongizate eta aberastasun gisa", defendatu du Jose Damian García-Moreno bozeramaileak.