argia.eus
INPRIMATU
Autogestio eguna egingo dute urtarrilaren 30ean Durangon
  • Autogestioa bere osotasunean lantzeko aukera emango duen eguna antolatu dute. Durangaldeko gazte andana batu da asanblada ezberdinetan ohiko autogestio ereduetatik haratago doazen proiektuak bildu eta lantzeko asmoz.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko urtarrilaren 13a

Durangaldeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadoratik ateratako ideia lantzen ibili dira azken hilabeteetan eskualdeko hainbat gazte. Asanblada ezberdinetan biltzen ari dira autogestioan sakontzeko eta eskualdeko proiektuak batzeko eguna antolatzeko.

Antolatzaileen esanetan, gaztetxeak egungo errealitateko autogestioaren isla argia dira. Hala ere, autogestioa bere osotasunean lantzeko ideiari jarraiki, eskualdean kokatzen diren gainontzeko proiektu autogestionatuen beharra ikusi dute. Horixe bera izango da hilaren 30erako antolatu duten 'Durangaldea autogestiorantz’ egunaren helburua. 

Edozein arlotan herritarron ahalduntzea dakarren eta sistemaren alternatiba izan nahi duen proiektu oro identifikatzen dute autogestionatu gisa. Horregatik, norbere errealitatetik egiten duen lanak gainontzeko proiektuak elikatu eta zubiak eraikitzeko baliatu nahi dute.

Egunaren antolaketa

Abenduaren 28an Elorrion egin zuten lehen asanblada, Durangaldeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadoran jaiotako ideia gainontzeko eragile eta proiektuekin elkarbanatzeko helburuarekin. Urtarrilaren 7an Durangoko Sorginola gaztetxean batu ziren berriz, eta eguneko egitaraua eta beharrezko azpiegitura zehaztu zuten. 

Datozen egunetan emango dute urtarrilaren 30eko egitarauaren berri.

Oharra: Albiste hau Topatu.eus-etik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.