Autodeterminazioaren aldeko mosaiko erraldoia egingo du Nazioen Mundua ekimenak larunbatean Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa). Itsasondo 1931, Goierri 2011, autodeterminazioa gero eta argiago lemapean, Euskal Herriarentzat autodeterminazioa eskatzea da ekimenaren helburua. Mosaikoa osatzeko 2.000 lagun inguru beharko direla aurreikusten dute antolatzaileek.
Mugimenduan osatuko da mosaikoa: Euskal Herriko mapa eta autoterminazioa hitza osatuko dute Larraitzeko zelaian sartzen diren lehenek. Ondoren, ezkerreko aldean boto-kutxa bat eta bertan sartzen den gutun-azala irudikatuko dituzte, mapa boto-kutxan sartuko da eta autodeterminazioa hitza self-determination bilakatuko da. Herritarrei mosaikoan parte hartzeko deia luzatu die Nazioen Munduak.