argia.eus
INPRIMATU
Autodeterminazio eskubidea eztabaidagai Espainiako Kongresuan
  • Amaiur koalizioak, Kataluniako ERC-k eta Galiziako BNG-k autodeterminazio eskubidearen gaia eramango dute gaur Madrilgo Kongresura, legez besteko proposamen baten bidez. Erreferendumak antolatu ahal izatea bozkatuko dute diputatuek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko urriaren 08a
Errekondo, IƱarritu eta Larreina, proposamena aurkezten.

Galdeketa deitzeko hiru bide aurreikusten ditu proposamenak: erkidegoko gobernuak bere kabuz deitzea, erkidekoko parlamentuak hala erabakitzea, edo bozkatu dezaketen biztanleen %20ak erreferendumaren alde sinatzea. Behin galdeketa eginda, bozkatu dezaketen biztanleen erdiak baino gehiagok parte hartu badu, emaitza loteslea izango litzateke.

Indar soberanista guztien botoak

Amaiurrek adierazi duenez, "indar soberanista guztiek", EAJk eta CIUk barne, proposamenaren alde bozkatzea espero du. Ekimenaren bultzatzaileek ez dute uste proposamena aurrera atera ahalko denik, baina bozketak argi erakutsiko du "Euskal Herriko eta Kataluniako gehiengoak hartutako bidea batetik, eta Estatutakoak hartutakoa bestetik. Gizarte ezberdinak garela erakutsiko dugu", atzoko prentsaurrekoan Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Rafael Larreina diputatuek adierazi zutenez.

Errekondoren hitzetan, "herrialde ikuspegiarekin egin behar dugu lan, eta ez eskualde ikuspegiarekin". Autodeterminazioaren gaian "anbiguotasunerako tokirik" ez dagoela azpimarratu zuen.

Iñarrituren gaineratu zuenez, gaia "borondate politikoarekin lotuta dago, ez ekintza juridikoekin".

Gogoratu behar dugu talde mistoko hiru alderdiak erabakitzeko eskubideari buruzko lege proposamena aurkezten saiatu zirela aurretik, baina Kongresuko Mahaiak ez zuen onartu, Konstituzioaren aurkakoa zela argudiatuta. Orain, autodeterminazio eskubidea aldarrikatuko dute hiru alderdiek, horretarako galdeketak egin ahal izatea eskatuz.