Ostiralean deitutako gaueko manifestazioak eraso sexistarik gabeko Aste Nagusia aldarrikatuko du.
“Erasoen aurrean autodefentsa feminista” lemapean, gaueko 23:30ean ekingo dio manifestazioak Nafarroa kaletik, Algara Konpartsa abiapuntu. Gaua, kaleak eta jaiak emakumeenak ere badirela defendatzea xede, beltzez jantzita eta buru berokia soinean gerturatzeko deia zabaldu du mobilizazioa antolatu duen AFAk (Autodefentsa Feminista Asanblada). “Gure burua estaltzen dugu aurpegia emateko”, eman dute azalpena.
Emakume, transexual, zein genero arau bitarraren mugetatik haragoko identitateak gorpuzten dituzten norbanakoek oro har, egunerokotasunean eta jaietan jasaten duten indarkeria patriarkalari erantzuna eman eta babesa autogestionatzeko beharra ikusten du asanbladak. Gauez, taldean, beltzez jantzita eta aurpegia estalirik mobilizatzeak behar horri erantzuten dio.
Aste Nagusiari ekin eta gutxira, lehen egunean bertan, bi eraso sexista eman zirela jakinarazi zuten Bilboko Konpartsek, protokoloa aktibatu eta elkarretaratzea deituz igandean. Igandetik astelehenerako gauez, alabaina, beste eraso bat eman zen eta ostera ere bigarren elkarretaratze bat egin zen. Konpartsek salatu zutenez, aipatutako erasoez gain, gehiago ere eman dira.