argia.eus
INPRIMATU
Autobus zerbitzua zabaldu dute Ipar Euskal Herrian, mugikortasuna hobetzea helburu
  • Urtarrilaren 6az geroztik autobus linea berriak daude Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Halaber, zerbitzuen maiztasuna ere hobetu da, Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak eta RATP konpainiak elkarlanean bultzatutako egitasmoari esker. Bestetik, 12 urtez azpiko arabarrek doan bidaiatu dezakete asteartetik aurrera autobusean.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko urtarrilaren 07a
Mugikortasun kolektiboa bultzatea dute helburu Euskal Hirigune Elkargoak eta RATP konpainiak. Txik Txak

Mugikortasun kolektiboa bultzatzea du helburu ekimenak, eta horretan laguntzera dator Txik Txak sare berria. Hirigune Elkargoak 2023an iragarri zuen sare berria 2025eko urtarrilaren 6an jarriko zela abian, Mugikortasun Iraunkorrari buruzko txostena plazaratu zuenean. Eskaintza %20 handituko da itsas bazterrean, %113 itsas bazterraren gibelean, eta %68 barnealdean.

Kazeta.eus-ek garraio eskemak ekarriko dituen hainbat aldaketa zerrendatu ditu, horien artean: Biarritz-Angelu-Baiona eskualdean zerbitzua ematen duen tram’busaren maiztasuna handiagoa izango da; bidaiari gehien hartzen duten autobus ibilbideetan, goizez eta arratsaldez zerbitzua handituko da; eskaintza indartuko da Baiona iparraldean lotura zuzenen bidez, berdin erietxera zein ikastetxeetara (Marracq, L’Argente eta Cassin); kostaldearen iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura zuzenak garatuko dira; 3. ibilbidearen (Baiona-Donibane Lohizune-Hendaia) ordutegi zabalagoa eta maiztasun bikoiztua izango da; eta Hendaia igarota Iruneraino doan autobus ibilbidean hobekuntzak izango dira.

Autobus zerbitzuaren inguruko informazio praktikoa Txiktxak.fr webgunean kontsulta daiteke.

Araban, autobusa doan 12 urtez azpikoentzat

Urtarrilaren 7az geroztik, 12 urtez azpiko arabarrek doan bidaiatu dezakete Alavabus-eko eta eskualdeko garraio-zerbitzuko autobusetan. Gasteizko hiri-autobusak kudeatzen dituen Tuvisa enpresa publikoak 2022az geroztik eskaintzen du zerbitzua doan 12 urtetik beherakoentzat.

Orotara 22.000 gaztek bidaiatu ahal izango dute doan hilaren 7tik aurrera. Horretarako nahikoa izango dute BAT txartela erakustea.

Orain arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, soilik 6 urtez azpikoek ez zuten deus ordaintzen metroan, tranbian eta autobusean bidaiatzeagatik. Eusko Jaurlaritzak pasa den irailean planteatu zien udal eta diputazioei doako zerbitzua zabaltzea, eta ziurrenik datozen hilabeteetan Bizkaian eta Gipuzkoan ere jarriko da indarrean. Bizkaian, esaterako, Garraio Partzuergoa urtarrilaren 7an bilduko da, eta litekeena da neurria onartzea. Ostean, beharrezko tramiteak bete bitartean, hilabete pasako litzateke indarrean jarri arte.

Gipuzkoan ere urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da neurria indarrean.